"Kooperatibismoaren arrakasta euskaldunon kulturari esker" izan da

Open Akademia
2016/05/18 13:30:00 GMT+2
"Zergatik kooperatibismoak hemen funtzionatu du eta ez munduko beste toki batzuetan?" Galdera honekin laburbildu daiteke Juan Jose Ibarretxek Arrasaten eskainitako hitzaldia. "Saiakerak izan diren arren, hemengo eredu kooperatiboa ezin izan da munduko beste toki batzuetara esportatu" esan du lehendakari ohiak, kulturak globalizazioan zein internazionalizazioan duen eragina azaldu nahian.

"The K is the key" (kultura da giltzarria) lelopean, Goienagusia elkarteak -Open Akademia eta Agirre Lehendakaria Center ekimenaren babesarekin- antolatu du garko ekitaldia, eta bertan lehendakari ohiak Kulturek munduko ekonomietan eta globalizazioan duten garrantzia izan du hizpide. Kulturaren eta identitatearekin batera hizkuntza minorizatuek duten inportantziaz hitz egin du ere eta "beste hizkuntza bat hitzegiteko asmoarekin, hizkuntza minorizatu bat hitzegiteari uzten diona mamu bat bilakatuko dela" adierazi du. Atzoko eta gaurko hainbat politikariek kulturarekiko izandako konpromisoa ere gogora ekarri du, Helen Clark, Zelanda Berriko presidenteak norabide horretan egindako ekarpena nabarmenduz esaterako.

Munduko koiuntura eta egoera ekonomikoa, giza-garapena, baloreak eta humanismoa ere gura izan ditu aztertu lehendakaritzako buru ohiak. Egungo munduko ekonomiaren ardatza "Txinan dagoela eta ez Europan" esan du besteak beste, baita "munduko eskolarik onenak ere Txinan daudela" esan du ere Ibarretxek eta horregatik "gure ikuspegia Asian kokatu behar dugula" adierazi du. ETAren jarduera kritikatzeko tartea izan du lehendakariak ere, eta munduan dauden guden inguruan hausnartuz "Si vis pacem, para bellum" (bakea nahi baduzu, prestatu zaitez gerrarako) logika gogorki kritikatu du, "Zoritxarrez Euskal Herrian batzuek pentsamolde horri eutsi diote urte luzez" esan du.

Egun Puerto Riko-ko unibertsitatean irakasle da Juan Jose Ibarretxe eta Agirre lehendakaria Center ekimeneko zuzendaritzako kidea ere bada. Laudioko alkatea eta Arabako Batzar Nagusietako presidentea izan ondoren, Euskal Erkidegoko lehendakaria izan zen hamar urtez (1999-2009). Politikatik aldenduta, azken urteak autodeterminazioaren aldeko defentsan eman ditu Ibarretxek.