Jakintza, bakearen alde

Open Akademia
2016/02/02 12:35:00 GMT+1
Bakegintza eta bizikidetza izan dituzte hizpide Sestaon ALCk antolaturiko hitzaldian; arlo akademikoaz eta instituzioek eta tokiko eragileek egindako lanaz mintzatu dira Peter Coleman, Jonan Fernandez eta Amalio Garcia.

Juan Jose Ibarretxek zuzentzen duen ALC Agirre Lehendakaria Centerrek antolatutako Open Akademia hitzaldi sortan, bakea eta elkarbizitza izan dituzte oraingoan mintzagai. Bakeaz jardun dute Sestaon (Bizkaia) antolaturiko ekitaldian; bakeaz ikuspegi akademikotik, eta instituzioek eta gizarte eragileek gai horren inguruan duten ikuspegitik ere bai. Eta Sestaoko musika eskolako ekitaldi aretoa ikustea besterik ez zegoen konturatzeko gaiak herritarren interesa pizten duela, ikusle asko batu baitzen han atzo.

Peter Coleman AEBetako Columbia Unibertsitateko irakaslea da, eta unibertsitate horretan lankidetza eta gatazkei loturiko gaiak lantzen dituen MortonDeutsch nazioarteko zentroaren zuzendaria ere bada. Hari egokitu zaio bakegintzaren inguruko ikuspegi akademikoa jorratzea. Eta hasiera-hasieratik mito bat hautsi nahi izan du: esan duenez, ez da egia gerra eta indarkeria gizakien eta gizarteen betidaniko eta betirako ezaugarria denik. «Erlatiboki, gerra nahiko asmazio berria da, hamar mila urte inguru besterik ez baitu», esan du.

Azaldu duenez, ehiztari eta fruitu biltzaileen hasierako komunitateek ez zuten gerra ezagutzen. Komunitate horiek leku finko batean egonkortzen hasi zirenean eta sororik oparoenak edo arrantza lekurik onenak eskuratzeko lehia agertutakoan sortu ziren gerrak. «Eta, hala ere, ehunka komunitatek iraun dute gerrarik gabe eta inguruko komunitateekin elkarbizitza baketsuan», erantsi du.

Horixe dute helburu Columbia Unibertsitatean abian jarri dituzten ikerketek: antropologia, soziologia, historia, matematika eta beste zenbait jakintzaren argitara, komunitate baketsuen ezaugarriak aztertu eta bake iraunkorra lortzeko gakoak ahal den neurrian agerian uztea. Euskal auzia hartu dute lehentasunezko ikerketa gaitzat: harreman ugari izan dituzte Euskal Herriko ikerlari eta eragileekin, eta ekainean berriro itzuliko dira harrenan horiekin jarraitzeko. «Uste dut zuen prozesuak zer irakatsi baduela, zientziari ez ezik, beste komunitate batzuei ere», esan du Colemanek.

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek, berriz, erakundeen ikuspegia eskaini du. Azken hiru urteetan egindako lana laburbildu du, hiru arlotan: iragana aztertzeko, orain dauden arazoei heltzeko eta bestelako etorkizun bat eraikitzeko oinarriak jartzeko.

Iragana, «zailena»

Fernandezek esan duenez, «iraganaren kudeaketa» ari zaie suertatzen ariketarik zailena, «erruaren osagaia» sartzen delako hor: «Inork ez du errudun gisa agertu nahi, eta besteek eginikoa nabarmentzeko joera dago horregatik». Onartu du ez dela inoiz «gertatutakoaren interpretazio bakarra» egongo, baina gutxieneko batzuk finkatzearen alde agertu da: «Ideologia, estatu arrazoia eta antzekoak ezin dira jarri giza duintasunaren gainetik».

Orainari dagokionez, presoen afera aipatu du —«seguru asko, arlo horretan dagoen arazorik larriena»—, eta etorkizunari begira ikastetxeetan abian jarritako programak nabarmendu ditu.

Hiru urteen balantzea egitean, gabezia bat aitortu du Fernandezek: «Gutxi aurreratu dugu adostasunak lortzean». Hala ere, uste du adostasunik eza ezin dela aitzakia izan geldi egoteko, eta blokeo egoerak suertatzen direnean «aurrera egitea» izan dela euren jokamoldea.

Bakegintza Euskal Herrian «motel» doala uste du Fernandezek: «Galdetzen didatenean, beti gauza bera erantzuten dut: mantso goaz, baina egoera hobetzen ari da».

Gogoan Sestao elkarteko Amalio Garciak, azkenik, gizarte eragileen ikuspegia ekarri du, eta azaldu egin du oroimenaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde egiten ari diren lana.

Juan Jose Ibarretxeri egokitu zaizkio aurkezpen lanak. ALC Agirre Lehendakaria Centerren egitasmoak eta helburuak azaldu ditu, eta esan du bera «betiko lanean» ari dela, «lehen arlo pribatuan eta gero arlo publikoan egin bezala, baina orain arlo akademikoan: Euskal Herriak munduan lekua eduki dezan lagundu nahian».