Etorkizuneko Liderrak prestatzeko programa. 2017/2018 ikasturtea

Open Akademia
2017/09/01 11:30:00 GMT+2

Informazio guztia

1. Aurkezpena

Ezagutza hedatzeko eta erantzukizun garrantzitsuak hartuko dituen pertsonen hurrengo belaunaldiari laguntzeko helburu bikoitzarekin, ALCk “Etorkizuneko liderrak prestatzeko programa” aurkeztu nahi du. Esperientzia eta ezagutza duten pertsonak etorkizunean herrialdeari gauza handiak ekartzeko ahalmena duten gazteekin konektatuko ditu: orainaren eta etorkizunaren arteko hari gidaria izango da.

2. Nori dago zuzendua?

Prestakuntza-programa hau 18 eta 30 urte arteko 20 pertsonari dago zuzendua, ekimen publiko, pribatu edota sozialekin konprometituta daudenak, edota esparru publiko, pribatu, politiko edo asoziatiboan proiekzio handikoak direnak.

3. Gutxieneko baldintzak

-Euskal gizartearen giza garapen iraunkorrarekiko bokazioa eta konpromisoa.

-Ahoz eta idatziz komunikatzeko gaitasuna, bai euskaraz eta bai gazteleraz.

-Idatzizko eta ahozko ulermena ingelesez.

4. Sarrera eta matrikulak

Interesatutako pertsona guztiek bere hautagaitza uztailaren 27tik irailaren 10ra aurkeztu ahal izango dute. Biografia labur bat bidali beharko dute, eta prestakuntza-programa honetan parte hartzeko duten interesa azalduko dute gutun bidez, openakademia@agirrecenter.eus helbidera. Irailaren 18an jakinaraziko da zein pertsona izan diren hautatuak. ALCk genero-berdintasuna lehenetsiko du parte-hartzaileen artean.

Prestakuntza-programa doan da. Trukean, parte-hartzaileek ikasturte amaierako lanen erabilera- eskubideak lagako dituzte, ALCren web orrian argitaratzeko.

Parte-hartzaile guztiek programan parte hartu izanaren akreditazioa eta CVn gehitzeko ebaluazio-gutun bat jasoko dute, Agirre Lehendakaria Centerrek eta bertako zuzendari den Juan Jose Ibarretxek sinatuta, eta baita kalifikazio bat ere ikasturte amaierako lanarengatik.

5. Prestakuntza-programaren edukia eta irakasleak

Saioak hilean behin izango dira, ostiraletan, arratsaldeko 4etatik 8etara Bizkaia Aretoan (Bilbo). (Informazio gehiago liburuxkan).

Eta hauek izango dira programaren irakasleak*:

  • Juan Jose Ibarretxe. Lehendakari ohia eta Agirre Lehendakaria Center-en zuzendaria.
  • Pedro Luis Uriarte. Ekonomia eta Ogasun Sailburu ohia, BBVA banketxeko presidenteorde ohia.
  • Pedro Miguel Etxenike. Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta Donostia International Physics Center-eko presidentea.
  • Sabino Arrieta. Sidenor enpresako presidente ohia.
  • Koldo Saratxaga. NER taldeko bultzatzailea.
  • Alexander Boto. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria Eusko Jaurlaritzan.
  • Joan Mari Torrealdai. Soziologo, idazle eta euskaltzalea.

 *Zerrenda handituko dugu datozen egunetan.