Humanismoa eta espetxe politika

Datorren asteazkenean, abenduak 23, mahai-inguru bat izango da Azkoitian, bi erakunde hauek antolatuta: Sare, presoen giza-eskubideak defendatzen dituen herritar-sarea, eta Agirre Lehendakaria Center, Agirre Lehendakaria Fundazioak Columbia University, Seton Hall University eta George Mason Universityrekin elkarlanean bultzatutako ikerkuntza-zentroa.

M

ahai-ingurua Open Akademian kokatzen da. Open Akademia Agirre Lehendakaria Fundazioaren ekimena da, eta bere helburua da, batetik, ezagutza hedatzea eraldakuntza sozio-ekonomikoaren euskal esperientziari buruz eta, bestetik, eztabaida sustatzea Euskadirentzako etorkizuneko erronken inguruan, bere giza garapen iraunkorrari dagokionez, abiapuntutzat hartuta hori lortzeko ardatz nagusia giza duintasunak behar duela izan, gizonaren eta emakumearen berezko izaera den aldetik.

Open Akademiaren ekitaldi honetan, hainbat esperientzia izan nahi ditugu gure artean,  galdera hauetako batzuk argitzeko: Nola sustatu elkarbizitza? Zein izan behar dira elkarbizitzaren oinarriak? Zer egin pertsona guztien giza eskubide guztiak bermatzeko? Zer egin presoen giza eskubideak ere errespetatzeko? Zer egin bereziki senideei eragiten dien presoen urruntzeari amaiera emateko?

Galdera hauen inguruko ezagutza hedatzeko eta eztabaida sustatzeko, gai hauetan adituak diren hiru pertsona ezagunek hartuko dute parte hitzaldian:

- Juan Jose Ibarretxe. Lehendakari Ohia eta Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria.

- Iñigo Iruin, abokatua eta presoen giza eskubideetan aditua.

- Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua izandakoa eta Sareko bozeramailea.

  • Noiz 2015/12/23 20:00 - 21:00"
  • Non Azkoitia, Don Bosko aretoa (Floreaga)
  • Hitzordua egutegira gehitu iCal