Mugako: Iparraldea eredu

Testua: Iñaki Lekuona, K Aldizkaria-ren 0 alean argitaratua
Argazkiak: Markel Redondo

 

Ipar Euskal Herriak garrantzi handiko espazio sinbolikoa betetzen du euskal imajinarioan. Hala ere, hegoaldetik begiratuta, ezin ditugu ikusi azken hamarkadetan lurralde kultural eta geografiko honetan bizi izan diren aldaketa handiak. Aldizkari honen ustez, ezinbestekoa da errealitate horri buruzko begirada sakonagoa, kritikoagoa eta eguneratuagoa eraikitzea. Erakunde sozial, kultural eta ekonomiko ugari berrasmatzen ari diren moduan ikasteko aukera emango digun begirada.

Iparralde

Espainiar eta frantziar estatuen arteko mugak ez dira horren zaharrak. Lurralde banaketa XVII. mendean finkatu bazen ere, 1858ra arte ez ziren zehaztu Bidasoatik hasiz eta Pirinioetako beste muturreraino ehunaka zedarri altxatuz. Geroztik muga bada. Edo ez. Mugakoentzat ez da mugarik. Bistan da kontrolak hor direla, bereziki migranteentzat. Bistan da administrazioek bereizketan sakontzen dutela. Baina muga handiena gure barnean eraiki duguna da, dinamika historiko desberdinek bultzatuta, hegoaldean gerra osteko diktadurak, industrializazioak eta honek erakarritako migrazio azkarrak makartutakoa, eta iparraldean bi mundu gerrek zabaldutako jakobinismoan eta kolonialismoan oinarritutako doktrina politiko, ekonomiko eta kultural zentripetoak baldintzatutakoa.

 

Duela 50 bat urte, hegoaldetik iparralderako begiradak interesa agertzen zuen, modernitatea, arlo guztietan, handik heldu baitzen. Geroztik paisaia politikoa, ekonomikoa eta geografikoa guztiz aldatu dira Bidasoa bi aldeetan. Frantziar Errepublikak periferia guztiekin egin bezala, Ipar Euskal Herria abandonuan utzi du, utzikeria horretan kostaldearen artifizializazioa babestuz turismoa eta bigarren etxebizitzak erosteko gaitasuna duten horien mesedetan.

 

Egoera horretan agertu zen, 70. hamarkadan, ekintza armatuen bitartez ozenki adierazia izan zen “Herriak bizi behar du!” leloa. Geroztik bestelako ekintzek hartu dute aldarrikapenen lekua eta nahiz eta ez duten tendentzia geldiarazi, biodibertsitate natural zein kulturalaren aldeko hausnarketa arlo guztietan hedatzen lortu dute: jendarte, politika eta instituzio mailan.

 

Gaur egungo testuinguruan bi dira lurralde honek dituen mehatxuak. Lehena, Estatuaren utzikeria politikoa (deszentralizazioari uko eginez), ekonomikoa (tertziarizazioara kondenatuz) eta kulturala (nortasun folkloriko ustela bultzatuz, euskara eta euskal nortasuna zapaltzen duen bitartean). Bigarrena, Hego Euskal Herriko utzikeria, hori ere arlo guztietan, politikoa, ekonomikoa eta kulturala, salbuespenak salbuespen, izan baitira eta oraindik badirelako benetako kooperazio bultzatzen dituzten hartu-emanak. Hala ere, gailentzen dena hegozentrismoa da; hitz hori asmatu zuenak bazekien zer zioen.

 

Arrisku horien aitzinean, ordea, Ipar Euskal Herriak bide egin du. Egiten du. Tresnak sortu eta sortzen ari dira lurralde hau berdinamizatzeko: mende erdia jada bete dituen Seaskatik hasiz, Euskal monetaraino, Euskal Irratiak eta bestelako tokiko hedabideak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, EHZ festibala eta beste hainbat ekimen ahantzi gabe. Horiei esker, duela 50 urte jendartearen zati txiki bakarren batek defenditzen zituen aldarrikapenak orain atxikimendu zabala dute maila politikoan ere, besteak beste asmatu berri den instituzio berriaren baitan, Euskal Hirugune Elkarkoaren baitan alegia. Folklorismoaz haratago, Ipar Euskal Herria eraikitze prozesuan den lurralde dinamikoa da, Frantziak historikoki ezarri dituen mugetatik ihesiz, azken urteotan urrundu den Hegoaldeaz hurbil. Dinamikoa bezain hauskorra; izan ere, dinamismo hori mugiarazten duten mehatxuak hor dira beti. Frantziarena uxatzea zaila izango da. Bestea, ustez, errazagoa. Gakoa 1858an altxatutako muga horretan datza. Mugakoentzat ez bada mugarik, egin gaitezen mugako.

Iñaki Lekuona-ren testua, K Aldizkaria-ren 0 alean argitaratua

 

K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.