Oxfam

Interpretazio kolektiborako espazio alternatiboak: sutegien bidez zainketa-sistema berri bat irudikatuz

Oxfam Intermón-ek eta Agirre Lehendakaria Center-rek (ALC) entzute prozesu bat bultzatu zuten gaur egungo zaintza sistemaren inguruan dagoen pertzepzio aniztasuna sakon ulertzeko, arreta Getxoko udalerrian (Euskadi) eta Nou Barris barrutian (Katalunia) jarrita.

 

Oxfam Intermón eta ALCren arteko lankidetzaren barruan, 2023ko urriaren 22an interpretazio kolektiboko saio bat egin zen San Martin parrokiako txokoan (Algorta, Euskadi). Bilera horren helburua entzute prozesuan sakontzea izan zen. Horrekin batera, ko-sorkuntzako elementuak zainketen azterketan txertatzea izan zen asmoa. Horretarako, sukaldaritzako ariketa bat hartu zen oinarri.

 

Gastronomiaren esparruan kokatutako interpretazio kolektiboko dinamiketan, mahaia da kultura desberdinak bateratzen dituen gunea. Mahai horretan hainbat nazionalitate edo erlijiotako pertsonak batzen dira askotan, euren sukaldetako osagaiak eta esperientziak partekatuz. Mahaiak, hortaz, kontakizunak, errituak eta balioak azaleratzea ahalbidetzen du. Ez hori soilik, gisa berean sustatzen du horiek partekatuak izatea. Hortaz, hizkuntza-desberdintasunak gainditzen dituen hizkuntza partekatu bat bihurtzen da gastronomia.

 

Aipaturiko dinamikan helburuak aurkeztu ondoren, parte-hartzaileak beren historia edo nortasuna biltzen duen osagai bat partekatzeko gonbita egin zitzaien. Ariketa hau ertsiki lotua dago ikerketa etnografiko partizipatiboaren kontzeptuarekin, zeina "sukaldaritzako autoetnografiaren" ideiaren inguruan egituratzen den. Kontzeptu horre atzean honako ideia dago: gizabanakoek osagaiak aukeratu eta partekatzean, sorkuntza kolektiboko dinamika baten parte bilakatzen dira. Mintz-ek dioen moduan (1985) "janaria eta edaria historia eta kulturaren eramaileak dira". Ariketa horri esker, taldean berdintasun- eta enpatia-giroa sortu zen eta, aurretik zeuden hierarkiak alde batera utziz, parte-hartzaileak eroso sentitu ziren dinamiketan askatasunez parte hartzeko.

 

Ondoren, eguneko menua egiteko sukaldaritzako jarduerak aurkeztu eta banatu ziren parte-hartzaileen artean. Prestakin guztiek Marokoko, Latinoamerikako eta Euskadiko elementuak zituzten, horrela parte-hartzaileen kultura eta sukaldaritza-sustraiak uztartuz.

 

Ogia erre, barazkiak moztu eta laberatu, postrearen osagaiak irabiatu edo haragia ontzen zuten bitartean, ALCko taldeak entzute-gune bat dinamizatu zuen, zainketa-sistemen inguruko elkarrizketa sustatzeko:

 

Nola ikusten duzu zeure burua besteen zaintzapean?, Nork zainduko zaituela uste duzu?, Zer gertatuko da zahartzarora iristen garenean eta jada geure kabuz moldatu ezin garenean?, Nola imajinatzen dugu hurrengo etapa hori, etorkizun hori?, Nork du hori konpontzeko erantzukizuna?, Zaintza-sistema integrala eska daiteke?, izan ziren mahai gainean jarri ziren galderetako batzuk.

 

Era beran, saioan zehar aurreko hilabeteetan zehar identifikatutako narratibetan sakondu ahal izan zen.