Testua: Miren Arregi (Goiena S. Koop), K Aldizkaria-ren 0 alean argitaratua
Argazkiak: Inma Barrio
Azalaren argazkia: Debagoiena Aramaioko begiratokitik, Alfontso XIII erregeak 1905ean inguru horretara egindako bisitaren ostean jarritako “Suitza txikia” izenez ere ezaguna. Zona hau egokitzat jotzen da, haize-boladak aprobetxatzeko balizko parke eoliko bat jartzeko aukera gisa.
Klima larrialdia da gure zibilizazioak parez pare duen erronkarik konplexuena. Gure garapen eredu ez-iraunkorraren sintoma nagusia da klima larrialdia; eta haren ondorio, berriz, lurraren berotzea, muturreko klimak, biodibertsitatearen galera, migrazioa, gerrak eta abar. Azkenaldian, gaia ohiko bilakatu da kaleko eztabaidetan, hedabideetan eta politikarien ahotan. Hainbat zientzialarik, elkartek eta erakundek urteak daramatzate herritarren kontzientziak piztu eta jendartea egoeraz jabetu nahian, baina ezin da ukatu azken urteetako energiaren prezioaren gorakada izan dela jendartearen zati handi bat erronkaren tamainaz jabetzera eraman duena. Orain bai, zerbait mugitzen ari da gizartean, eta dagoeneko gutxi dira energia krisia zalantzan jartzen dutenak. Izan ere, energiaren sektorea da, energia fosilen erabileragatik –petrolioa, ikatza eta gasa–, berotze globalaren eragile handienetako bat, CO2 isurketa gehien sortzen dituen sektorea den heinean.
Kontsumo handiko herrialdea
Sarri entzun dugu eta, hala ere, entzuten dugun bakoitzean zirrara sortzen duen esaldia da: planeta osoko 7.000 milioi pertsonek Euskal Herriko biztanleek sortzen duten CO2 isurketa adina sortuko balute, orduan, lau planeta beharko genituzke. Euskal Herria hiru milioi biztanleko herria da, fosilekiko dependentzia itzela duen lurraldea. Gure energia kontsumoa ere oso handia da, munduak kontsumitzen duen batez bestekoaren bikoitza, eta kontsumitzen dugun energiaren %86 kanpotik dator.
“Mendebaldeko pentsamoldean Prometeo gidari izan dugu. Jainkoak izan nahi izan dugu eta mugarik gabe bizi. Amets horren garapenean zientziak eta teknologiak lagundu digute eta kapitalismoa eredu sozioekonomiko bakartzat ulertu da”, dio EHUko Ekopol ikertaldeko Iñaki Barcenak, gure garapen ereduaz galdetuta. Berandu jabetu gara gure Lurra finitua dela, eta dagoeneko neurri askotan planetaren mugekin topo egiten ari gara. “Bi faktore daude bizi dugun egoera ulertzeko: klima aldaketaren azelerazioa eta baliabide energetiko fosilen agortze-prozesua. Biak batera agertzen dira eta gure zibilizazioak sortutako eredu produktiboa zalantzan jartzen dute”, gehitu du Barcenak. Eta argi dago, gure gizartearen hazkunde eredua erabat loturik dago erregai fosilen muga bako
ustiaketarekin. Erregai fosilekiko menpekotasun hori barik ez geundeke gauden tokian. Gertatzen dena da eredu hori agortua dela eta, gainera, ezin dela esan oharkabean hartu gaituenik. Erromako Klubak 1972an kaleratu zuen Hazkundearen mugak liburuak argi esaten zuen gure garapen ereduak muga batzuekin egingo zuela topo, eta iritsi gara momentu historiko horretara. Beraz, nahitaez, egoera horrek garamatza dilema handi batera: erregai fosilekiko dependentzia hori nola alboratu diseinatzera, hain zuzen. Gertatzen dena da ez dagoela errezeta magikorik.
CO2 emisioak eta klima neutraltasuna
Izan ere, mundu mailako krisi ekologiko honen erdian, gas emisioak ezinbestez gutxitu beharko dira. Azken 200 urteotan erre ditugun erregai fosilen ondorioz CO2a kontzentratu da atmosferan eta horrek klima aldaketa suntsigarria eragiteko arriskuan jarri du gure planeta. IPCCren 2019ko txostenaren arabera, Lurraren tenperaturak gradu bat gora egingo zukeen jada, eta igoera horren ondorioak nabariak dira dagoeneko. Zehatzago, industrializazio garaitik hona atmosferara isuri ditugun berotegi efektuko gasak dira igoeraren erantzule. Gaindegiak berriki emandako datuen arabera, biztanleko 8,8 tona CO2 isurtzen dira atmosferara urtean Euskal Herrian; munduko batez bestekoa halako bi. Debagoienean 8,53 tonakoa da urtean, Tecnaliak egindako Debagoieneko aukera energetikoak ikerketaren arabera. Azterketa hori Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sareak egindako eskaera baten ondorio da.
Europar Batasunak 2050ean klima neutraltasuna lortzeko helburua jarria du; alegia, isuriak xurgapenak konpentsatzeko adina murriztekoa. Eta, bide horretan, mugarri da 2030. urtea, ortzi-muga horri begira baikara, Europak ezarritako helburuak jomugan. Esaterako, 2030erako, berotegi efektuko gasen murrizketa %55ekoa izatea; berriztagarrien kontsumoa elektrizitatean %65ekoa eta berriztagarrien azken kontsumoa %40koa; eraikinen kontsumo berriztagarria %49koa eta kontsumo murrizketa orokorra %36koa.
Arrasateren (Gipuzkoa) panoramika. Orografia berezia duen herria, mendiz inguratua eta demografia-dentsitate handikoa, Debagoiena eskualdeko industria-sare handiaren ondorioz.
Krisi energetikoa
Krisi energetikoa Europan ez da kontzeptu berria. Energiaren Euskal Erakundea bera krisi energetiko baten erdian sortu zen, duela 40 urte. Petrolioaren barrilak sekulako prezio-igoera izan zuen eta garai hartan petrolioarekiko dependentzia gaur egungoa baino askoz handiagoa zen. 1982an, trantsizio energetikoa gertatu zen; petrolioaren deribatuek %62ko parte hartzea zuten orduan EAEko kontsumo energetikoan eta gaur egun %44koa da. “Garai hartan gasik ez zegoen eta gasa sartzen joan gara azken urteetan. Egia da gasa erregai fosila dela, baina, hala ere, klima aldaketari begira isurketak jaistea lortu dugu urte hauetan guztiotan”, azaldu du EEEko zuzendari Iñigo Ansolak.
Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian erabiltzen den energiaren %85 inguru erregai fosiletatik dator oraindik ere. Gaindegiak berriki emandako datuen arabera, Euskal Herriko energia-iturririk garrantzitsuena petrolioa da oraindik ere. Petrolioak eta haren deribatuek gure energia beharren %43 bete zituzten 2020an; elektrizitatea eta gas naturala %24 eta %22 izan ziren, hurrenez hurren, eta energia berriztagarriak %9.
Bestalde, EEEren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarriek gorantz egin dute energia-mixean duten parte-hartzean azken urteotan. Azken kontsumoan duen pisua %16,6koa izateraino, inportazio berriztagarriak kontuan hartuta. “Gure mix energetikoak erregai fosilekiko horrenbesteko dependentzia izanik, derrigortuta gaude neurriak hartzera berriztagarriak ezartzeko. Are gehiago, gure industriak duen garrantzia kontutan izanda. Izan ere, EAEko Barne Produktu Gordinaren %25 da industria, eta, horrek eraginda, garraioak duen energia kontsumoa ere handia da: gure energia kontsumo osoaren %42”, erantsi du Ansolak.
Etorkizuna berriztagarria izango da
Egoera horren ildora, gizartearen adostasuna erabatekoa da. Etorkizuna berriztagarria izango da edo ez da izango. Eta zerbaitetan ados jarri badira politikariak, herri eragileak, zientzialariak eta adituak, hori da, hain zuzen, energia berriztagarrietara trantsizioa egitea ezinbestekoa izango dela. “Hor ados bagaude, zerbaitetan hobetu dugu, bai”, dio EHUko ikerlari Iñaki Barcenak. “Baina trantsizio energetikoa aldaketa teknologikoa baino gehiago da. ‘Energia norentzat eta zertarako’ galdetu behar diogu geure buruari”, azaldu du, kezkaz, EHUko ikerlari Iñaki Barcenak. Eta hor dago gakoetako bat: berriztagarriak bai, baina non eta nola?
Debagoiena
Debagoiena da berriztagarrietara saltoa bertatik bertara bizi izaten ari den eskualdeetako bat. Industriaren pisu itzelarekin eta energia behar handiekin, hainbat dira eskualdean martxan jartzen ari diren ekimenak, baita gaiak piztu dituen eztabaidak ere.
Debagoiena Gipuzkoako barnealdeko eskualde bat da. Bizkaiarekin eta Arabarekin mugan dago eta 64.000 biztanle bizi dira bertan. Ekintzailetza kooperatiboaren sorlekua, sektore industriala izan da tradizionalki eskualdearen motorra. Kooperatiben mugimenduak egindako ekarpenari esker, herritarren arteko desberdintasun sozialik txikienetarikoa duen eskualdea da, aberastasuna banatzen jakin eta asmatu duena. Gaur egun ere eskualdeko enpresa-ehuna 400 industria-enpresak eta industriari lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek osatzen dute eta horietan guztietan 15.000 pertsonak lan egiten dute. Esan bezala, oso eskualde industriala eta energia kontsumitzaile handia da; industria horri esker ongizate maila ona mantendu duen eskualdea. Aitzitik, industrian ez ezik, garraioan ere oso kontsumo handia duen eskualdea da. Biztanleko 0,52 auto dago eta Gipuzkoako eta EAEko datua biztanleko 0,46 automobil da.
Debagoieneko orografiak berak ere baditu ezaugarri bereziak, Euskal Herriko orografiak bezala, haranez eta mendiz osatuta dagoelako, batik bat. “Industrialdeak eta hiriguneak dentsitate handikoak dira. Haranetan eraiki ditugu lantegiak eta herriak. Oso gune dentsifikatuetan bizi gara, pilatuta, eta horrek zaildu egiten du, esate baterako, parke fotovoltaikoen inplantazioa”, azaldu du Energiaren Euskal Erakundeko Iñigo Ansolak.
Berriztagarrien inplantazioaz ari garela, batzuek uste dute berriztagarriak dagoeneko antropizatuta dauden guneetan jarri beharko liratekeela; alegia, etxebizitzak, industriako eraikinetako teilatuak, kiroldegietako eta abarretako teilatuak aprobetxatu beharko liratekeela diotenak. Baina horrek badu eragozpen bat. “Sorkuntza distribuitu horren bitartez, nagusiki energia fotovoltaikoaren bidez garatzen denarekin iritsi gaitezke, gehienez ere, gaurko kontsumoaren %20 estaltzera”, dio Fagor Taldeko iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianok. “Ahaleginak jarri beharko dira tamaina txiki eta ertaineko energia distribuitu horren garapenean, noski, baina, hala eta guztiz ere, gure teilatu guztiak fotovoltaikoz betetzea ez da nahikoa izango gure beharrei erantzuteko; bereziki, industriak behar dituen energia beharrei erantzuteko. Ongizate maila onargarri bat mantendu gura badugu, industria beharrezkoa da eta industriak energia behar batzuk ditu; beraz, pentsatu egin beharko dugu non eta nola ekoiztuko den”.
Noski, industriak berak ere gauzatu beharko du bere eraldaketa prozesua, gaur egun ekoizten diren zenbait produktuk ez baitute etorkizunean tokirik izango merkatuan; besteak beste, autoetarako egiten diren motorrak eta abar. Debagoienean automobilgintzak duen indarra kontutan izanik, erronka ez da makala izango. Halere, “gure industriak behar energetiko handiak izaten jarraituko du, oso oinarrituta baitago metalaren transformazioan, eta metala transformatzeko energia handia behar da”, dio Otxandianok.
Parke eolikoak
Azken hilabeteotan, trantsizio energetikoaren baitan, berriztagarrien inplantazioaren gaiak are pisu nabarmenagoa hartu du Debagoienean; bereziki, Norvegiako Startkraft enpresak Aramaio eta Eskoriatza artean eraikitzeko asmoa duen parke eolikoaren berri eman zuenetik. Ez da eskualde honetan prozesuan dagoen parke eolikoen proiektu bakarra; izan ere, zabala da Eusko Jaurlaritzatik izapidetzen ari diren proiektu berriztagarrien zerrenda. Gaur-gaurkoz, bailaran kokatzeko asmoa duten proiektu eoliko handiak lirateke Trekutz (Antzuola), Miritxa (Leintz Gatzaga) eta Statkraftek Eskoriatza eta Aramaio artean jarri gura duen Itsaraz parkea. Parke horrek 52,8 megawatteko gaitasuna izango luke eta 44.000 etxe hornituko lituzke. Datua industriara eramanda, Fagor Taldeak Debagoienean dituen lantegien kontsumo elektrikoa 240 Gwh da urtean; Statkraftek Aramaion eraikitzeko asmoa duen parkeak 150 Gwh inguru ekoitziko lituzke.
Miritxako proiektua, bestalde, Marieta gainean kokatuko litzateke, Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundia udalerrien eta Gatzaga udalerriaren artean. 27 megawatteko potentzia izango luketen lau aerosorgailu jartzea da asmoa. Grupo Capital Energy enpresak jarriko luke. Trekutzeko (Antzuola) kasuan, Cilda Energy enpresa da proiektua aurkeztu duena eta 12 megawatteko potentzia gordina duten bi aerosorgailu instalatzeko eskaera egin dute. Urretxu eta Antzuolari eragingo lioke proiektu horrek. Bi udalok proiektuaren kontrako mozioak aurkeztu dituzte eta alegazioak ere aurkeztuko dituztela aurreratu dute, prozesua aurrera baldin badoa.
Energiaren Euskal Erakundeak, aldiz, begi onez ikusten du berriztagarriak jartzera datorren edozein proiektu; betiere, hor sortuko den energia tokiko etxe eta enpresetarako bada. “Ikusiko dugu zein eredu sustatzera datorren; izan daiteke Ekiola bat, izan daiteke Ekian bat –Arabako parke fotovoltaikoen eredua, non Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat enpresak parte hartzen duten–, baina ingurumen baldintzak betez gero ongi etorria izango da eta guk begi onez ikusiko dugu modu horretako edozein proiektu”, azaldu du Ansolak. Eta argi dute, gainera, “proiektu asko eta askotarikoen beharra” egongo dela “trantsizio energetikoa gauzatuko bada; alegia, autokontsumoko proiektuak, komunitate energetikoak eta azpiegitura handiak”.
Badira, bestetik, horrelako proiektuei mesfidantzaz begiratzen dietenak. “As bestas pelikula zoragarrian protagonistak bere lagun artzainari esaten dio: ‘Hain onak badira, zergatik ez dituzte Norvegian ipintzen?’. Statkraft enpresa energetiko publikoa da, Frantziako EDF den moduan, eta hori, hasiera batean, korporazio guztiz pribatuen ondoan, hobea da, zalantzarik ez, baina ez da nahikoa”, dio Iñaki Barcenak. Arabako Mendiak Aske plataformakoek ere ohartarazi dute prozesua ez dela demokratikoa izan, herritarrek ez dutelako negoziazioetan parte hartzeko aukerarik izan.
2003an Bizkaiko Oiz mendian jarritako lehen parke eolikoa. 10km/h abiadura gainditzen duten haize-boladekin ibiltzen da, eta 95 km/h-rainoko energia ekoizteko diseinatuak daude.
Parte-hartzea
Izan ere, gaiak eztabaida piztu du eta aerosorgailuak jarri gura dituzten herrietan proiektuen kontrako ahotsak berehala azaldu dira. Horren harira, ezinbestekoa da eztabaida piztea, Fagor Taldeko Aritz Otxandianoren ustez: “Argi dago ahalik eta kontsentsu zabalenak bilatu beharko direla”, dio. “Gure mendietan eolikoak jartzeak gaitzespena sortzen du herritar askorengan. Eta horri lotuta ikuspuntu desberdinak egon daitezke: baina beharrezkoa da gure kontsumoaren gaineko ardura hartzen hastea, komunitate bezala eta modu demokratikoan. Egin dezagun eztabaida hori. Zelakoa gura dugu izatea Debagoiena etorkizunean? Eztabaida horretan erabakitzen bada eolikorik jarri nahi ez dugulako eskualde industriala izateari uzteko prest gaudela eta hori asumitzeko moduan bagaude, ba, aurrera, baina, ongizate maila onargarri bat mantendu gura badugu, industria beharrezkoa izango da eta industria horrek behar batzuk izango ditu. Gaiak garrantzi handia du eta horregatik gauzatu beharko genuke eztabaida, komunitate bezala eta modu demokratikoan”.
Hala ere, eztabaida pizteak berak ere baditu landu beharreko ertzak. Izan ere, non egon beharko? Aramaion edo eskala handiagoan? Statkraftek ipintzeko asmoa duen azpiegitura ez dator Aramaioren beharrei bakarrik erantzutera. “Proiektuak eskualde eskala bat du eta eskualdeko behar energetikoei erantzungo lieke”, dio Fagor Taldeko Aritz Otxandianok. “Eta, horren aurrean, aramaioarrek esan dezakete: ‘Ba, jar ditzatela beste toki batean’. Baina aramaioarren zati handi batek non egiten du lan? Ba, industrian eta Debagoienean; ondorioz, eztabaidak Aramaiotik haratagoko irismena dauka”.
Bestetik, badira krisi energetiko honetan “negozio ederra egiteko aukera” baliatuko duten korporazio multinazionalen begirada salatzen dutenak. “Debagoiena oso bailara industriala eta energia kontsumitzaile handia da eta energia berriztagarrietarako trantsizioan ekarpen sendoa egin beharko luke”, azaldu du EHUko ikerlari Iñaki Barcenak. “Baina noren aginduz? Noren interesean? Noren alde eta noren kontra? Galdera horiek erantzun demokratikoa beharko lukete eta ez du ematen bide garden eta demokratikotik ari direnik erabakiak hartzen”, dio. “Gainera, duela gutxira arte klima aldaketa eta krisi energetikoa ukatu duten korporazio multinazionalek negozio ederra egiteko aukera ikusi dute, Europatik etortzen ari diren Next Generation Funtsekin bereziki”, gehitu du.
Barcenak defendatzen du parte-hartzea eta demokrazia ezinbesteko adierazle direla eta ez dagokiela “ez agintari politikoei, ez erlijiosoei edo ekonomikoei, ez eta zientzialari, Nobel saridunei edo bestelako jakintsuei gure bizitzan garrantzitsu diren gaien gaineko erabakiak hartzea, jendartearen gainetik eta kontsultatu gabe”.
Hain justu ere, EHUko Ekopol ikertaldeak, energia berriztagarrien garapenerako egoera gatazkatsua ikusirik, mahai-inguru sorta antolatu du, instituzioek, alderdi politikoek, enpresek, zientzialariek, eragile sozialek eta ekologistek euren ekarpenak egin ditzaten, “Euskal Herriko trantsizio energetikoa modu justu, sustengarri eta demokratikoan egiten laguntzeko”. Alegia, 200 metroko aerosorgailu bat jarri behar den edo ez herritarren esku egoteari ematen dio garrantzia.
Berriztagarriak, murrizketarekin batera
Berriztagarrien nolakotasunaren erdigunean da murrizketaren gaia ere. Badakigu gure kontsumo eredua aldatu egin beharko dugula, baina nola? “Hor ez dago zalantzarik”, dio Fagor Taldeko Aritz Otxandianok. “Europako eta Espainiako helburuetan murrizketa dago. Kontua da zenbatekoa izan behar duen. Desberdina da %20koa, %40koa edo %70ekoa izan. %70eko murrizketa batek eramango gintuzke gizarte industriaurreko batera; alegia, industrializazioak ekarri dituen onura guztiei uko egitera”. Eta hor dago kontraesana, erantsi du:
“Energia berriztagarrien despliegearen kontra daudenek ez dute horrek ekar ditzakeen ondorioez hausnartu”.
Bestalde, lehen aipatu bezala, Europak 2030erako jarritako helburuen arabera, azken kontsumoan %36ko murrizketa gertatuko bada, bide luzea dugu aurretik. Debagoiena 2030 ekimeneko Aritz Ameztegik argi du: “Lehenbizi, ezinbestekoa izango da energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea, eta hemen egiteko asko daukagu, baina ez eremu horretan bakarrik; gizarte osoan daude energia murrizteko aukerak”. Bestalde, dio ezinbestez ugaritu beharko direla eskualdeko energia berriztagarrien instalazioak. “Gaur egun, fotovoltaikoen presentzia testimoniala da, baita biomasarena ere. Geotermia proiektuak ia esperimentalak izan dira, auzo-berokuntza sistemak oso urriak. Eolikoarekin zer egin nahi den ere erabaki beharko da, lehenbailehen. Hobetzeko aukera asko daude; eredu energetiko berriek gaur egungo sistemen aldaketa sakona eskatuko dute”.
Debagoiena, lanean
Bidearen hasieran egonagatik ere, Debagoiena ari da urratsak egiten. Besteak beste, 2019an sortu zen Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea da horren erakusle. Eragile publikoen, pribatuen eta kooperatiben elkarlanetik sortu zen, gaur egungo erronka konplexuei erantzunak emateko. Agirre Lehendakaria Center da sareko kideetako bat eta Fagor Taldea, berriz, ekimenaren bultzatzaile nagusia.
Bada, azken hilabeteotan Debagoiena 2030 ekimenak trantsizio energetikoarekin lotutako hainbat eta hainbat proiektu jarri ditu martxan, Eraginez Piztu estrategiaren baitan. Horietako bat da Ikastetxe- Klik, eskualdeko hamabi hezkuntza zentrotan kontsumoa murriztu eta gazteak sentsibilizatzea helburu duen proiektua. Beste bat da Debagoiena Eraberritzen izenekoa, etxebizitzen eraberritze energetikoari lotutako proiektua.
Baita Tokiko Energia Berriztagarrien laborategia ere: eskualdean energia berriztagarrien sormenean urratsa egin nahi duten herritarrak eta eragileak biltzen dituen gunea. Gaur egun, eskualdean hiru komunitate energetiko daude sortzear –Ekiola, Berener eta Elgeta– eta autokontsumo partekatuko hiru adibide egongo dira martxan epe motzean –herritarren teilatuetan jarritako fotovoltaikoak–.
Halere, Debagoiena, Euskal Herri osoa bezala, 2030era begira adostu diren helburuetatik urrun dago oraindik. Lehen aipatu bezala, eskualdean kontsumitzen den argindarraren %14 baino ez da lortzen eskualdean sortutako energia berriztagarrien bitartez eta kontuan izan behar da Elgeako parke eolikoa eta Oñatiko Urjauziak zentral hidraulikoa ditugula eskualdean. Azken horrek sei turbina hidroelektrikoren bitartez 13 GWh energia sortzen du urteko; ia Oñatiko kontsumo domestikoaren bestekoa. “Bide luze baten lehen urratsak dira egiten ari garenak”, azaldu du Debagoiena 2030 ekimeneko Aritz Ameztegik: “Aipaturiko energia berriztagarrien instalazio berriak –hiru komunitate energetiko eta autokontsumo partekatuko proiektu guztien artean– %0,2ko igoera bakarrik dira argindar berriztagarriaren ekarpenean”. Tecnaliak egindako Debagoieneko aukera energetikoak azterketaren arabera, sorkuntza elektriko berriztagarriaren %14ko zifra hori %74ra igo beharko litzateke Debagoienean 2030erako.
Adibide batzuk ematearren, eta datuak eremu urbanora eramanda –etxebizitzak eta zerbitzuak–, Arrasaten jarriko den Leintz Bailarako Ekiola parke fotovoltaikoa adinako 50 beharko lirateke Arrasateko eremu urbanoko egungo kontsumo elektrikoa adina sortzeko. Elgetan, bestalde, herriko frontoiko teilatua beteko dute plaka fotovoltaikoz; bada, horrelako 24 beharko lirateke herriko kontsumo elektrikoak behar adina sortzeko.
Berriztagarrietara egin beharreko trantsizioa luzea, gatazkatsua eta konplexua izango da. Asko baitago egiteko eta erabakitzeko oraindik. Teknologiak ere izango du zeresan handia bidean: hidrogeno berdea, aerosorgailuak, itsasoko olatuen energia aprobetxatuz sortuko den energia, energia biltegiratzeko erronka… Teknologia asko garatzeko eta ereduetan ere asko lantzeko.
Trantsizio energetikoa trakzionatzeko erabiliko ditugun baliabide, proiektu eta ereduen egituraketan egongo da gizateriak epe motzean duen erronka nagusienetako bat. Klima larrialdian murgilduta gauden honetan, gure etorkizuneko gizarte ereduan pentsatzen jarri behar dugu. Mundu mailako erronka da, guztion inplikazioa eskatuko duena.
Debagoienean gertatzen ari den eztabaida Euskal Herriko beste eskualde askotan gertatzen ari den bera da, ez die bakarrik eragiten lurralde horietako biztanleei. Gizarte osoari eragiten dion eztabaida da. Eta ez da energiari buruzko eztabaida hutsa. Egia esan, euskal gizartearentzat nahi dugun giza garapenaren ereduari buruzko eztabaida da. Gai honi buruz hartzen ditugun erabakiek zuzeneko eragina izango dute beste eremu askotan (politika industrialak, garraio- sistemak, diru-bilketarako gaitasuna eta gizarte- zerbitzuak). Pentsatzekoa da, halaber, egiten dugun apustu mota koherentea izango dela gizarteak dituen gainerako erronka estrategikoei erantzuteko dugun moduarekin: desberdintasun sozialak, zahartzea, lanaren etorkizuna.
Iraganean gai izan ginen erantzun kolektibo benetan berritzaileak eta eskala luzekoak eraikitzeko gai konplexu hauetan: ekoizpen-sarearen berrindustrializazioa, erakunde-arkitektura berri baten eraikitzean edo euskararen biziberritzean. Zergatik ez da posible bidezko energia-trantsizioa ahalbidetuko duen gizarte-mugimendu handi bat planteatzea? Gure anbizio-mailak jaitsi ditugu? Zenbait ahotsek uste dute erronka horri eman beharreko erantzuna Ikastolen mugimenduaren antzekoa izan beharko litzatekeela, erantzun instituzional klasiko, zentralizatu eta hierarkikoaren antzekoa baino.
Oro har, inork ez du zalantzan jartzen giza garapen iraunkorraren printzipioen arabera jarduteko beharra. Esparru teoriko hori gai zehatz eta gatazkatsuetan, hala nola, beharrezko energia-trantsizioan, interpretatzeko moduak zehaztuko du haiekin dugun benetako konpromisoa. Euskal giza garapen ereduaren bilakaera zehaztuko duten erabakiak hartzen ari gara gaur.
K Aldizkaria jaso nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzun formularioa bete besterik ez duzu egin behar.