Basogintza eta nekazaritza jasangarria eraldaketa sozialerako mugarri gisa identifikatu ditu Chiang Rai-ko BIP-ak.

NBGP-k sustatuta eta ALC-ren babesarekin, udan zehar sorkuntza eta diseinu kolektiboko hainbat saio burutu dira Chiang Raiko barrutian. Basoek eskualdeko garapenean duten garrantziaz jakitun, hauek babesteko proposamen kolektiboak landu dira. 

 

 

Urrats garrantzitsuak eman ditu uda honetan Chiang Rain (Tailandia) sortutako Berrikuntza Irekiko Plataformak, eskualdea eta bereziki beren biztanleen bizitzak hobetzea xede duen portfolioaren sorreran. Bertako eragileekin izandako hartu emanen ondotik, eragin beharreko hainbat esparru antzeman dira, hauek eraldatu eta bizimodu atsegin eta iraunkorragoa sustatzeko. 

Chiang Rai Tailandiako iparraldean izanik, biodibertsitatearen eredu diren oihanen artean kokatuta dago. Baso hauen garrantzia naturala ukaezina da, baina garrantzia hori arlo ekonomiko eta sozialera ere hedatzen da. Zentzu honetan, elkarri entzun eta proposamenak modu kolektiboan formulatu ostean, basoen babesa funtsezkotzat jo dute, eta honekin batera basoen inguruan ematen den nekazaritza ekologikoa.

Sorkuntza eta diseinu saioak

Proposamenok tokiko eragileekin izandako sorkuntza eta diseinu kolektiborako saioen ondorio dira, Nazio Batuen Garapenerako Programaren Bangkokeko bulegoak antolatuta eta Agirre Lehendakaria Center-en babesarekin. Hiru saio antolatu dira 2022ko udan zehar, lehena Internet bidez eta gainontzekoak Chiang Raiko hainbat komunitateetan.

Bigarren saioa uztailaren amaieran antolatu zen eta NBGP-ren ordezkaria lau komunitate bisitatu zituen: Hin Lad Nai, Khun Lao, Pang Sa, Huay Han bertakoen premien berri izateko. Abuztuan egin zuen bigarren bisitan komunitateak balizko prototipoak sortu zituen baso-suteak ekidin, ala piztekotan, hauek eraginkortasunez kudeatzeko. 

Izan ere, eta dagoeneko aipatu bezala, baso eremu bat izanagatik ere, nekazaritza eta abeltzaintza oso hedatuta daude, eta milaka herritarren ogibide dira. 

Aurretik egindako entzuketa eta sentsibilizazio lana baliatuta komunitateek ebatzi dute euren bizimodurako gako diren basoak eta nekazaritza babesteko modurik eraginkorrena, nekazaritza eta basogintza uztartzea dela, betiere eredu jasangarri baten baitan; orekatua. 
 

Dagoeneko ematen diren hainbat jarduera horren adibide dira.

  • Hainbat produkturen ekoizpenak, eztia (erlauntzen bidez) ala kafea esaterako, basoa zainduta mantentzearen garrantzia islatzen du, basorik gabe ezin delako halako jarduera ekonomikorik garatu. 

  • Abeltzaintza antolatu eta jasangarria ezinbestekoa da, basoaren biodibertsitatea bermatzeko. Abere gehiegik, ingurua zaindu baino, suntsitu dezakelako, abelgorriekin Ban Huai Han herrian gertatu bezala.

Honekin batera, eta prebentzio modura, Baso-Suteen Kudeaketarako Plan baten beharra antzeman dute Chiang Raiko herritarrek eta horixe bera da kontzeptualizatu dutena NBGP-ren portfolioan txertatua izateko. Hiru arlotan banatu dute. 

  1. Baso suteen prebentzioa. 

  2. Baso suteak itzaltzea 

  3. Aliantza estrategiak eta finantzaketa iturri alternatiboak.