Ebaluazio ebolutiboaren prozesuak interpretazio kolektiboko eta elkar-sorkuntza komunitarioko ekintzak behar ditu, Getxo Zurekin-en Komunitate Errukitsua bezalako prozesuak sendotzeko. Horretarako, joan den apirilaren 25ean, Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) saio bat fazilitatu zuen eta ebaluazio ebolutiboko prozesuaren ikaskuntza nagusiak aurkeztu zituen, komunitatearen aldaketa esanguratsuenak ulertzeko eta Getxo Zurekin programaren iraunkortasuna elkarrekin lantzeko, dauden eragileak eta ekimenak artikulatuz.
Getxo Zurekin Gizarte Berrikuntzarako Plataforma gisa eratu da Ingurune Errukitsuen eremuan. Ekimena Doble Sonrisa Fundazioak bultzatu zuen, komunitateari bizitza-amaierako egoeretan, zainketa aringarrietan, heriotzan, doluan eta bakardade ez-desiratuan zaintzeak duen garrantzia helarazteko. Horregatik, Getxo Zurekin gizartea sentsibilizatzeko eta prestakuntza eta ikerketa programa bat da. Lehendik zeuden zerbitzu aringarriak eta osasun- eta gizarte-arreta ordeztu gabe, proiektuak, 2017tik, mugimendu sozial berri bat sustatzen du komunitateko pertsonekin, Getxoko udalerriko sare komunitarioen bidez zaintza-sistema integral bat eraikiz.
Joan den apirilaren 25ean egin zen Areetan interpretazio kolektiboko eta elkar-sorkuntzako azken saioa. Saioan profil desberdineko 30 agente inguruk parte hartu zuten: 2023 eta 2024 bitartean egindako entzute sakoneko azken itazioan parte hartu zuten pertsonak, Getxoko Udaleko ordezkariak, elkarte lokalak, Getxo Zurekin-en Konektore Komunitarioak edo Osakidetzako erizain komunitarioak, besteak beste.
Getxo Zurekin-ek ALCren gizarte-berrikuntzako ikuspegia integratu du: (1) ekosisteman dauden baliabideen mapaketa (ekimenak, eragileak); (2) ekosistema hori sakon entzutea, (3) sortutako informazioaren interpretazio kolektiboa, (4) maila anitzeko soluzio berrien baterako sorkuntza eta diseinua, lehendik dauden proiektuekin zuzenean lotzen direnak; eta (5) esperimentazio-zorro baten prototipatzea eta eskalatzea.
ALC 2017tik ari da prozesua laguntzen. Denbora honetan, zainketa-sistema integral bat finkatu da, dagoen sistema soziosanitarioaren osagarritasun komunitarioaren bidez. Komunitateko kide izatearen zentzuak eta prozesuan parte hartzen duten pertsonen trebakuntzak ekintza komunitarioa erraztu dute, ekimen-zorro bat eraikitzeko. Ekimen horietan honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Death Café-a, Café en compañía, doluan elkarri laguntzeko taldeak, laguntza-premiak dituzten pertsonentzako banakako lagun-egiteak edo Aurretiazko Borondateen Dokumentua komunitatean formalizatzea. Horrela, komunitatea lotzea lortu da, ez bakarrik euskarri komunitario sare bat sortuz, partaideen artean lotura naturalei esker, baizik eta Ingurune Errukitsua osatzen duten beste eragile batzuk ere tartean sartuz. Hala nola, Getxo Bihozbera elkarte komunitarioa, langile soziosanitarioak edo hirugarren sektoreko elkarteak.
Ingurune Errukitsuaren hedapenak bere eragileen eta ekimenen artikulazioa behar du, horiek nola koordinatzen eta osatzen diren ulertuz. Saioa, beraz, ildo horretatik bideratu da, ingurunearen etorkizuna modu kolektiboan ulertzeko eta pentsatzeko.
Interpretazio kolektiboko saioak
I. Narratibak eta aldaketa esanguratsuenak
Parte-hartzaileak eta eguneko dinamikaren helburuak aurkeztu ondoren, saioa profil etnografiko berrien sarrerarekin hasi zen. Horien interpretazio kolektiboa egin zen, prozesuak orain arte izan dituen aldaketa esanguratsuenak integratuz, bertaratutakoekin pertzepzioak alderatzeko.
Profil etnografiko horiek identifikatzeak sare komunitario honetan parte hartzen duten figurak zertan dautzan sakontzeko balio izan zuen:
Lokarriaren rola 2018an sortu zen elkar-sorkuntza saio batean. Rol profesionalizatua da, ikuspegi komunitarioarekin, eta Getxo Zurekin sare komunitarioaren barruan gertatzen diren ekimenak koordinatzen, dinamizatzen eta sustatzen ditu. Komunitatea zainketa-inguruneko eragile publiko eta pribatuekin konektatzen du, bai eta agente horiek haien artean ere. Eragile koordinatuak ekimenak sortzen dituzte, batzuetan sareak osatuz (Ingurune Errukitsuen sare publiko-pribatuarekin gertatzen den bezala). Era berean, zeregin garrantzitsua du eragileen pertzepzioen entzute sakonean. Prozesuaren arrakasta definitzen du eta komunitatean jarduten duten narratibak aldatzeko beharrak, erronkak eta aukerak ardazten ditu.
Konektore komunitarioak, bestalde, prestakuntza duen rola da eta boluntariotzaren figuratik sortzen da. Espazioak dinamizatzen ditu eta komunitatearekin konektatzen da hainbat ekimenetan. Lokarriak eta konektoreek osatzen dute Getxo Zurekin motor taldea. Duela gutxi, konektore komunitarioek Getxo Bihozbera elkarte komunitarioa osatu zuten. Elkarte horrek Getxo Zurekin ekimenetako batzuk hartu nahi ditu, autoantolaketa komunitariotik abiatuta, hala nola Getxo ZUrt!, suizidioa prebenitzeari, lantzeari eta ondoren asmatzeari buruzkoa.
Ehule komunitarioak komunitateko pertsonak dira, beste pertsona batzuekiko kezka dutenak, eta, beraz, rol aktiboa betetzen dutenak. Pertsonak zerbitzu publiko eta komunitarioekin konektatzeko aukera ematen duten figurak dira. Horretarako, baliabide publikoi eta hirugarren sektoreari buruzko prestakuntza dute, baita trebetasun emozionalei buruzko prestakuntza ere.
Azkenik, usuarioak ekimen horietan parte hartzen duten komunitateko beste pertsona batzuk dira.
Lau figurak elkarri lotuta daude, horrela zainketa-sistema integral bat sortzen da, konexio publiko-komunitarioko kanal bat sortuz, baliabideak osatuz eta komunitateari hurbilduz.
II. Esperimentazio-zorroaren kontrastea
Esperimentazio-zorroa lantzeko, bistaratze bat kontrastatu zen, eragileek Getxoko Ingurune Errukitsuaren Gizarte Berrikuntzarako Plataformaren ekimenetan duten interkonexioak eta rolak erakusteko. Lokarriaren rola aldatu egin dela azpimarratzekoa da: hasieran ekimenak dinamizatzen zituen eta horain rol koordinatzailea du. Parte-hartzaileek Getxoko Ingurune Errukitsua osotasun gisa ulertu behar dela azpimarratu zute eta ez bakarrik Getxo Zurekin prozesua, baizik eta beste ekimen batzuk; hala nola Getxoko Bihozbera elkarte komunitarioa aktore nagusi gisa.
Saioaren ondorioak
Saioan zehar, hainbat gai jorratu dira, nabarmentzekoen artean rol komunitarioen aldaketa, Getxoko Ingurune Errukitsuaren osaera eta artikulazioa edo zainketen subsidiaritatea daude.
Alde batetik, figurek beren gain hartzen dituzten rolen eboluzio bat dago. Lokarriaren figura guneen konektore, koordinatzaile eta dinamizatzaile gisa sortu zen, ebaluazio ebolutiboko gizarte-berrikuntzaren ikuspegia inplementatuz. Gaur egun, berriz, ekimen guztietan orbitatzen ari den eragile gisa agertzen da (artikulatu, koordinatu eta konektatzen du) eta konektore komunitarioei (boluntarioei) uzten die lekua ekimenen dinamizazioan/sostenguan.
Ehule komunitarioekin eta inplikatutako gainerako eragileekin batera, Ingurune Errukitsua osatzen dute, eta bertako kide sentitzen dira. Getxo Zurekin eta Getxo Bihozberaren arteko lotura da horren adibide garbia. GetxoBihozberatik elkarte komunitario gisa ateratzen bada ere, osotasun beraren bi zati bezala ulertzen dira. Era berean, eragile soziosanitarioekiko konplizitatea nabarmentzen dute, komunitateko pertsonekin lotutako zainketen sustapenaren parte aktibotzat jotzen baita, nahiz eta eremu espezifikoei eta zerbitzu publikoei kalitatea ematea ahalbidetzen duten beste baliabide batzuei buruzko prestakuntzan gabeziak izan.
Eremu horretan, arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko zainketen erantzukizuna nola banatzen den sakontzen da. Norena da zainketen ardura? Nola laguntzen dira baliabide komunitarioak administrazio publikotik? Nola eragiten dute bi maila horiek?: "Gizartea beti administrazioaren aurretik doa"; "Komunitatea prestatuago dago zaintzak eskaintzeko"; "Publikoa ezin da alde batera utzi, laguntza eta baliabideak behar dira".
Ingurune Errukitsua Gizarte Berrikuntzako Plataforma gisa ulertuta, non eragile koordinatuen multzo bat dagoen ikuspegi komunitarioko zaintza-sistema integral bat osatuz, eragileen konexioetan eta horiek prozesuaren iraunkortasunerako egituratzean eragin nahi da. Esparru desberdinetatik sustatzen diren figura komunitario berriek (Osakidetzak bultzatutako erizain komunitarioaren figura) erronka bat ez ezik, zainketen sustapenean sare koordinatu eta eraginkor bat sortzeko aukera gisa planteatzen da. Ikuspegi komunitarioa duten figurak artikulatzeko mahaien moduko prototipoek horri heldu nahi diote.