ALCk, Bartzelonako Diputazioarekin batera, Interpretazio Kolektiboko hiru saio antolatu ditu hezkuntza-arloko plan estrategikoak garatzeko

2023. urtearen hasieratik, Agirre Lehendakaria Center (ALC) Bartzelonako Diputazioarekin lankidetzan ari da, gizarte-berrikuntzaren ikuspegiaren bidez, tokiko hezkuntza-planak garatzeko Sitgesen eta Olivellan, eta, 2024ko martxotik, Sant Andreu de la Barcan eta La Garrigan.

Ekainaren 3ko astean, Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) Bartzelonako Diputazioari lagundu dio interpretazio kolektiboko hiru saiotan, Sant Andreu de la Barca eta La Garriga udalerrietan. Gizarte-berrikuntzaren ikuspegiaren bidez, ALCk 2023. urtearen hasieran hasitako tokiko hezkuntza-planak garatzeko prozesuaren Ebaluazio Ebolutiboarekin jarraitzen du. Ikuspegi horrek aukera ematen du ekosisteman dauden eragileak eta ekimenak mapatzeko, haien arteko loturak identifikatzeko eta sustatzeko, tokiko testuinguruan hezkuntza- eta gizarte-arloko erronkak eta aukerak identifikatzeko, entzute sakoneko prozesuen bidez, eta tokiko hezkuntza-ardatz, -ildo estrategiko eta -helburuak elkarrekin sortzeko, epe luze eta ertaineko programa edo ekintzetan zehazten direnak.

 

ALCk Bartzelonako Diputazioarekin eta udalerrietako udalekin lankidetzan dihardu, funtsezko bi helburu lortzeko: batetik, udalei tokiko hezkuntza-plan bat garatzen laguntzeko, modu parte-hartzailean eta elkarlanean, hezkuntza-komunitate osoa modu aktiboan inplikatuz; eta, bestetik, udaletan gizarte-berrikuntzako ikuspegiaren gaitasunak instalatzeko (mapaketa, entzutea, interpretazio kolektiboa, ko-sorkuntza eta ko-diseinua), inplikatutako teknikariei garapen-prozesuan parte-hartze aktiboa ahalbidetuz eta prozesua etorkizunean jasangarritasuna ziurtatuz.

 

Interpretazio kolektiboa Ebaluazio Ebolutiboko prozesuaren funtsezko oinarrietako bat da, eta mapaketa eta entzute sakoneko prozesuan ateratako informazioaren kontrastean oinarritzen da. Informazio hori biltzeko eta ekosistema horretako eragileen pertzepzioak ezagutzeko, bi udalerrietako udalek, Bartzelonako Diputazioaren eta ALCko taldearekin batera, entzuteko eta hitz egiteko hainbat gune sortu dituzte lehen hezkuntzako ikastetxeetan, institutuetan eta arte-eskoletan; besteak beste, ikasleen, irakasleen, administrarien eta mantentze-lanetako langileen, begiraleen eta jantokiko langileen eta AMPA-AFAko langileen ahotsak bildu dituzte.

Sant Andreu de la Barcan tokiko hezkuntza-plan bat garatzea

Interpretazio kolektiboko lehen saioa ekainaren 4an izan zen, Sant Andreu de la Barca udalerrian. Bertan izan ziren, besteak beste, ikasleak, irakasleak, hainbat ikastetxetako zuzendaritza-karguak, Familien eta Ikasleen Elkarteetako (AFA) kideak, Sant Andreu de la Barcako Udaleko hezitzaileak eta teknikariak.

 

Saioan profil edo eredu etnografikoak eta entzute prozesuan identifikatutako narratibak kontrastatu ziren. Profil horiek lurraldean errepikatzen eta jarduten diren narratiba-ereduak adierazten dituzte (pertzepzioak, portaera, pentsamendua).

Halaber, gune horrek komunitatearentzat interesgarriak eta kezkagarriak diren hainbat gairi buruz eztabaidatzeko balio izan zuen: eskola-uztea, heziketa-zikloen eskaintza zabaltzea, ikastetxeen mantenimendua, familien parte-hartzea, NESEak (Necessitats Específiques de Suport Educatiu - hezkuntza-laguntzako berariazko premiak) eta lankidetza- eta sare-lana.

La Garrigan tokiko hezkuntza-plan bat garatzea

Ekainaren 6ko goizean, lan-saio bat egin zen La Garrigako Udaleko teknikariekin, entzute prozesuan jasotako profilak eta narrazioak kontrastatzeko eta arlo bakoitzaren erronkak eta aukerak, egungo zerbitzuak hobetzeko proposamenak eta zeharkako lana nola indartu daitekeen identifikatzeko.

Ekainaren 6an, arratsaldean, interpretazio kolektiboko bigarren saioa egin zen hezkuntza-komunitatearekin, oraingoan La Garriga udalerrian. Saioan 40 pertsona inguru izan ziren, besteak beste, hainbat ikastetxe eta erakundetatik etorritakoak, Haurren Kontseiluko ikasleak, AFAko kideak eta familiak.

 

Profilen eta narratiben kontrastea egiteaz gain, parte-hartzaileek hezkuntza-komunitateari dagozkion hainbat gai jorratu zituzten. La Garrigako kapital kulturala eta botere-dinamikak eztabaidatu ziren, eta nola aprobetxa daitezkeen familia behartsuenei laguntzeko, askotan ikusezin geratzen baitira. Era berean, familien parte-hartzearen garrantzia eta familien eta ikastetxearen arteko erantzukizun partekatua nabarmendu ziren, bai eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak eta orientazio- eta laguntza-programen hobekuntza ere. Gainera, haurrek pantailen eta mugikorren erabilera goiztiarrari buruzko pertzepzioak partekatu zituzten, eta hori nola eragin negatiboa izan dezakeen haurtzaroan.