Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako politikek Euskadin duten eragin soziala ikertzen ari da ALC

Zientzia eta Berrikuntza Sailburuordetzak Agirre Lehendakaria Centerri (Euskampus) eskatu dio Euskadiko zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politika publikoei buruzko ikerketa bat koordinatzeko, 1980tik 2030era, autogobernuaren berrezarpenetik gaur egunera arte. Proiektu honen egiteko nagusia, gure iragan hurbila modu kolaboratiboan interpretatzea da, Eusko Jaurlaritzaren egungo estrategia indartzea eta etorkizunera proiektatzea, nazioartean duen posizionamendua indartuz.

Cristina Uriartek UPV/EHUtik zuzendutako ikerketak ikuspegi nabarmena izango du narratiben eta pertzepzioen identifikazioan, arlo horretan espezializatzen da ALC, euskal gizartearen eraldaketa sozioekonomikoaren azterketan esperientzia sendoa izateaz gain. Osagarri gisa, azterketa bat egingo da gizarte-berrikuntzako zorroaren ikuspegitik, eta antzeko ezaugarriak dituzten Europako beste eskualde eta estatu batzuekin konparazio bat egingo da. Columbia Universityk, Agirre Lehendakaria Center-eko bazkide sortzaileak, ikerketa honen nazioarteko ebaluazioan, kontrastatzean eta posizionamenduan lagunduko du.

Ikerketa honen funtsezko eginkizuna eta balio erantsia, gure iragan hurbila modu kolaboratiboan interpretatzea da, egungo estrategia aberastea eta etorkizunera proiektatzea, nazioartean duen posizionamendua indartuz.

Testuingurua

2030ean 50 urte beteko dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutako I+G+B arloko euskal politikan. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako politikek EAEren garapenean duten eraginari buruzko hainbat azterlan dauden arren, ez dagoela behar bezala erreferentziatutako informazio-iturri eta datu xehaturik ikusten da, ezta garatutako bidearen azterketa historiko zabala ere. Era berean, gero eta beharrezkoagoa da politikak gizartean duten eraginetik aztertzea. Nola eta nori eragin diote? Zein izan dira eragin nagusiak? Zer pertzepzio daude horiei buruz? Nola erlazionatzen dira haien artean eta zerk ahalbidetu ditu? Zein balio-sistemaren gainean oinarritzen dira?

 

Azterlanean datu kuantitatiboak eta kualitatiboak bildu eta aztertuko dira, hartutako erabaki estrategikoak baloratzeko, horietako batzuk kontra-ziklikoak, Euskadik esparru horretan duen nazioarteko posizionamendua indartuko duen narratiba propioa identifikatzeko. Era berean, politikei, planei eta tresnei buruzko informazioa laburbildu eta integratuko duen artxibo bat diseinatuko da, eta eragile eta ekintza giltzarriak (publikoak zein pribatuak), mugarriak, testuinguru historikoa eta gai-arloak mapeatuko dira, besteak beste, aldi historiko desberdinetako harremanen ekosistemaren bilakaera ulertzeko.

 

Espero diren emaitzen artean, funtsezko dokumentuen gordailu digital bat, euskal ekosistema zientifikoa monitorizatzeko sistema bat, argitalpen historikoen bilduma bat eta nazioarteko mintegien antolaketa nabarmentzen dira. Horrekin, iragana dokumentatzeaz gain, hobekuntza zehatzak proposatu nahi dira, I+G+B estrategia Eusko Jaurlaritzaren eta gizartearen beste ekimen estrategiko batzuekin lerrokatzeko.