Euskal giza garapen iraunkorreko esperientzia Zagreben izango da aztergai, Kroaziako Gobernuak datorren abenduaren 4ean antolatutako ekitaldian. 

Ekitaldiak plangintza estrategikoan eta garapenerako-politiken diseinuan nazioarteko eta bertako adituak bilduko ditu. Helburu nagusia Kroaziaren etorkizunerako garatu beharreko estrategiak aztertzea da.  

cro.jpg

Hizlari nagusienetariko bat gure lankidea den Gorka Espiau izango da. “The Basque experience: large-scale transformation under extreme difficulties” lelopean, bere aurkezpenak euskal eraldaketa sozioekonomiko arrakastatsua posible egin duten elementu desberdinak aztertuko ditu, betiere elementu kultural ukiezinak azpimarratuz; izan ere, azken hauen analisi tradizionalen kanpoan gelditzen dira oro har. 

JATORRIA

Ez da lehenengo aldia Kroaziako Errepublikak euskal kasuan interesa azaltzen duela. 2015ean bertako Ekonomia Ministerioak, Ivan Vrdoljak buru izanda, Euskadi bisitatu zuen gure eraldaketa-esperientzia sakonki ezagutzeko. Bisita honen emaitza Agirre Center, Euskal Herriko Unibertsitea eta Kroaziako Gobernuaren arteko lankidetza-hitzarmen bat izan zen. Akordio honen arabera ALCk eta EHUk aholkularitza eta laguntza lana egiten dute,  Euskadik azken hamarkadetan izan duen eraldaketa ekonomikoa oinarritzat hartuz.