Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) bultzatutako Etorkizuneko Liderren Programaren bigarren edizioak, Pedro Miguel Etxenike fisikari eta intelektualaren saioa heldu zuen aurreko martxoaren 22an. Bertan, Pedro Miguel Etxenikek, lideratzeko modu bakarra “eredua ematean” zetzala defendatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Sarriko egoitzako Basoko Etxean, formakuntzaren bigarren edizioko ikasle gehienak batu zituen, euskal gizarteko zientzialari eta kide nabarmenenetakoaren eta nazioartean ospe aitortua duenaren gogoeta interesgarriak entzutera. Hala, Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioko presidentea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuan Fisika Katedraduna den Pedro Miguel Etxenikek, lau orduko eskola magistrala eskeini zien bertaturatakoei.

Aurkezpena, Etxenikeren eta ALCko zuzendaria den Juan Jose Ibarretxeren arteko iritzi- trukaketarekin hasi zen. Lehenengoak “iragana adituak eta etorkizuna igarleak” dituela defendatzen zuen bitartean, bigarrenak, “iraganaldiak adituak ditu eta etorkizunak liderrak” zituela defendatu zuen.

Hitzaldi hasieratik “lidergorako errezetarik ez” eta bide apropos bakarra eredu ematean oinarritzen zela esan zuen. Halaz, XXI. mendeko kultura zientzia eta teknologian oinarritzen zela azaldu zien gazteei, lider batek “zientziaren printzipio orokorrak” ezagutzearen beharra goraipatuz. Izan ere Pedro Miguelek esan bezala: “zientzia bere aplikazio praktikoak baino askoz gehiago da, kultura modernoaren funtsezko zatia da, giza abentura, alegia. Azken urteotan bizi garen munduaren ikuskera irauli duen abentura intelektuala. Nire ustez eta beste ekarpen batzuk mespretxatu gabe, zientzia modernoa, gizateriaren arte-lan kolektibo handiena da”.

Halaber Etxenikek, zientziaren aurrerapena eta garaipena ez dela “garaipen etiko baliokidea” aitortu zuen, gaur egungo arazo nagusia deberdintasuna dela, jasoz.

Bere aurkezpenean, gazteek euren eritziak partekatzera eta euren parte hartzea bultzatu zuen, hala nola, zientzianº inbertitu izanaren arrazoiei buruzko galdera zabalduz edo ikerketen emaitzen jabegoa egokitu beharraren inguruan galdeginez.

Bestetik ere, hitzaldian zehar, “utilitarismorik gabeko” zientzia defendatu zuen, burokraziak, sormenaren eta talentuaren oztopo gisa aurkeztuz. Horrekin batera ere, “etorkizunak, pentsamendu kritikodun pertsona malguak behar ditu” defendatu zuen, “ikuspegi estrategikoa barneratua duten pertsonak, hain justu ere” esanez.
Agian horregatik, aurkezpena Finlandiako eredua defendatuz bukatu zuen, non hezkuntza; ikerketa; berrikuntza; munduari irekitako kultura eta gizarte – ongizatea, gakoak diren. Saioa, egungo hezkuntza ereduari buruzko eztabaidarekin bukatu zen.