Joan den maiatzaren 17an mintegi iradokitzailea egin zen Donostian Baketik eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatuta, EHUko Arkitektura Eskolarekin elkarlanean.

seminario brandon 2018 1023.jpgEguneroko kezketatik kanpo geratzen den gai bat landu genuen, nahiz eta, egiaztatu ahal izan genuen bezala, eragin handia duen pertsonen bizitzan. Ulsterreko Unibertsitateko ikertzaileek, Brandon Hamber buru dutela, erreferente nagusietako bat nazioarte mailan indarkeria osteko berreraikuntzaren arloan, eta David Coylesek, aipatutako unibertsitateko irakaslea eta hirigintza eta segurtasunaren inguruko ikertzailea, azaldu zuten zer nolako arrastoa utzi duten hirietako hirigintzan Ipar Irlandan bizi izandako indarkeriazko urteek.

Hor dauden, baina kasu askotan hautematen ez diren hirigintza-elementuak dira. Zelaia, industrialdea edota zuhaitzen hesi trinkoa, protestanteen eta katolikoen auzoak bereizten dituena. Harresi txikien itxura duten oztopoak, kaleak labirinto bihurtzen dituztenak. Zabalera handiagoarekin eta oinezkoen pasabiderik gabe diseinatutako errepideak, oztopo ikusezin gisa jokatzen dutenak. Adibide asko ezagutu ahal izan genituen.

seminario brandon 2018 1038.jpg

Mintegia aberastu egin zuten Ipar Irlandako hirien birsorkuntzarako hainbat proiektu azaldu zituzten lider komunitarioen ekarpenek. Amaieran, airean nabari zen galdera zera zen: ea Euskadin ere indarkeriazko urteek antzeko arrastoa utzi ote duten gure eguneroko bizitzan.

Horregatik, mintegi honen ondoren, Ipar Irlandako adituek, euskal arkitektoen laguntzaz, Donostiako eta inguruko hirigintza hobeto ezagutzeko aukera izan zuten.  Eta, hiri-birsorkuntzaren esperientzia gisa, Bilbo eta Guggenheim kasua bisitatu zituzten.

Beraz, lehen elkarlan-ekimena izan zen arlo honetan. Agirre Lehendakaria Centerren helburuari erantzun nahi dio, hau da, Euskadi munduko pentsamendu-zentro nagusiekin konektatzea eta trukerako espazioak sortzea, bertan eraldaketa sozioekonomikoaren euskal kasua ezagutarazteko, beste leku batzuetako esperientzietatik ikasten dugun bitartean.