Hego Amerikako herrialde honetako ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du

Kolonbiako ordezkaritza batek Euskal Herria bisitatu du berriki, lehen eskutik ezagutzeko bakegintza arloko euskal esperientzia. Bidaia elkarlanean antolatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Agirre Lehendakaria Centerrek, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Taldea sektore ezberdinetako hogei lagunek osatu dute, enpresaren, nekazaritzaren, indigenen eta gerrillari ohien sektorekoek, hain zuzen ere. Hauek guztiek bakegintzaren euskal esperientzia ezagutzeko eta sakontzeko aukera izan dute. Horretarako, arduradun politikoekin, biktimekin eta bakearen aldeko lanean esperientzia zabala duten pertsonekin elkarrizketatu ahal izan dira. Beraiekin ikaskuntzak partekatu ahal izan dituzte hainbat zereginetan, hala nola, giza eskubideen errespetuaren sustapena, elkarrizketa, ezberdinen arteko lankidetza, biktimekiko arreta eta aitortza edota bizikidetzarako politika publikoen sustapena.

Halaber, Kolonbian bakea, hein handi batean, lurralde garapenetik eta giza garapen iraunkorretik etorriko den uste osoz, taldeak Arrasate bisitatu du zuzen-zuzenean aztertzeko azken hamarkadetan haran horretan, bereziki, eta Euskadin, oro har, bizi izandako kooperatiben eta gizarte eraldaketaren errealitatea.

Zentzu honetan, taldeak berriketaldi interesgarria izan du ALCko zuzendaria den Ibarretxe Lehendakariarekin, euskal kasuaren gakoak ulertzeko eta, berdintasuna eta zuzentasuna albo batera utzi gabe, Kolonbiaren garapen ekonomikoa ahalbidetuko duten estrategiak partekatzeko.

Bisita hau Agirre Lehendakaria Centerrek duen konpromisoaren eremuan kokatzen da, hau da, euskal kasuaren esperientziak partekatzeko konpromisoa garapen iraunkorra sustatzeko munduan eta, bereziki, indarkeria-egoerek baldintzatuta bizi izan diren herrialde eta lurraldeetan.