“Urte berria naiz”. Urte berria bai, baina ez al zen, bada, atzo hasi 2013a… hala ere, ondo pentsatuaz, hobeto lehenbailehen amaitzen bada, ea haizeak beste alde batetik jotzen duen.

“Bai, 2013a hor joan da, ez hotz eta ez bero”. ¿Nola “ez hotz eta ez bero”? Ez, ez, izugarria izan da. Egunetik egunera munduan aberatsak gutxiago, baina gutxi horiek aberatsago; eta pobreak gehiago eta, gainera, pobreago. Hondamendi etikoa, eragile batek baino gehiagok sortua: osasunez makal dabilen ekonomiak, merkatuek indarrustu duten politikak eta aniztasunaren eta giza eskubide indibidual eta kolektiboen begirunerik ezak. Gertuago, PP eta bere alegiazko oposizioa, PSOE, beste aldera begira indarkeriaren elkarrizketa bidezko amaierari dagokionez, eta baita Espainia mendean hartua duen ustelkeria lotsagabeari dagokionez ere. “Kimu berdeak”, batez ere telebistetan ernatzen direnak, darabiltzate lanik ez duen hiritarren %27 hori animatzeko. Are gertuago, etxean, ETA armak uzteko ausardiarik gabe eta gu, euskaldunok, itxuraz lasai, baina egiaz kezkatuak, oso kezkatuak gure etorkizun soziopolitikoa eta sozioekonomikoa dela eta.

“Beno, arrazoi duzu, behar bada, baina gauzak aldatu egingo dira 2014an, ziur egon”. Bai, hala diozue guztiek, baina gero jaiegun hauetan hartzen ditugun ‘konpromisoekin’ gertatzen den bera gertatuko da; dieta egiteko, erretzeari uzteko edo ariketa egiteko konpromisoak… asmo on huts baino ez dira izaten. “Baina garai bakoitzak du berea eta baikor izan behar dugu, baikortasuna eta irtenbidea beti eskutik doazelako”. Onartzen dut diozuna, zer ikusten duzu 2014an? Geuretik hasita, euskal etxetik.

“Elkarrizketa bidezko amaieran aurrera egingo dugu bakearen bidean”. Gustatzen zait, bai, baina askotan entzun dut halakorik. “Ez, ez, oraingoan behin betikoa izango da. Mugimenduak izango dira, 2013ko azken egunetan presoen adierazpenak erakutsi digu hala dela”. Bai, hori positiboa izan da, eta bihotz-altxagarria… segi, segi aurrera. “ETAk armak uzteko prozesuari ekingo dio, eta hala egingo du uda aurretik”. Uau, data eta guzti, meteorologo itxura hartzen dizut, baina jarraitu. “Eta Espainiako gobernua prest egongo da indarkeriaren elkarrizketa bidezko amaiera negoziatzeko”. Bai, hori sinisten dizut; ez litzateke lehen aldia izango, baina, hori bai, jendaurrean guztiz kontrakoa esanaz.

Eta, autogobernua? Guztiok dakigulako ez dela ona Espainiaren menpeko izatea hezkuntza gaietan, politika kultural, ekonomiko eta sozialetan, etab. “Uiii, hobe euskal autogobernuaz ez hitz egitea, ez dut arazorik nahi”. Eta ekonomiaz? “Ekonomia hobeto, eskerrik asko”.

Eta gure auzoko herriaz, Espainiaz? eta Europaz? eta munduaz?.”Ufff hau saltsa! Horretaz hobe hitz erdirik ere ez esatea, no comment”.

Tira, ez didazu arrasto gehiegirik eman… “Jakina, horixe da kontua. Badakizu, gure lanbidean hobe da taldean, guztiak batera nahastea, bakoitzak bere aldetik asmatzea baino”. Ondo da, ondo da… sartu eta jarri zeure gogara; zerbait prestatuko dizut.