Komunitateetako eskailera, iraganean, etxebizitzetara edo kanpora bideratzen zintuzten mailak igo eta jaistea baino askoz gehiago izan zen. Bizitzarako eta partekatzeko gunea zen. Beharrezkoa zenean bizilagunek elkarri laguntzen zioten topalekua zen. Getxo Zurekin Egitasmoaren esparruan, Doble Sonrisa Fundazioak bultzatua Agirre Lehendakaria Center (ALC) eta Deusto Business School Health-en laguntzarekin, 55 testigantza eta 80 narratiba jaso dira Bizkaiko udalerri honetan -ALCren metodologiari jarraituz-, eta eskailera haien giza-pultsua berreskuratzeko beharra ikusi da.

Algortako auzo ezagun bat izango da Getxo Zurekin egitasmoak, auzotar oso konprometituen eskutik, ekintza “pilotu” hau egingo duen lekua. Ekimen hau “irauteko asmoz dator, bertakoen bizitza errazagoa, gizatiarragoa eta atseginagoa egitera”. 

Ekimen hau hainbat talderekin eta hiru bilera oso trinkotan landu da, eta gizarte-berrikuntzako metodoak aplikatzeak duen eraginkortasunaren erakusgarri da. ALCk Getxo Zurekin egitasmoaren esku jarri du berrikuntza-plataformei buruz duen ezagutza. Plataforma horiei esker, inguruko pertsonen artean narratibak entzun eta jaso ahal izan dira. Irakasleen, erizainen, elkarte eta erakundeetako ordezkarien, medikuen, soziologoen, abokatuen… testigantzak jaso dira.

Entzute horretatik kontakizun interesgarri eta argigarria sortu da, eta hogei laguneko talde bati (adin, genero eta lanbide desberdinekoak) ekintzara pasatzeko balio izan dio.  Elkarrekin baloratu dituzte ondorioak eta laugarren bilera egin dute, elkarrekin sortzeko edo diseinatzeko saioa, eta bertan erabaki dute eskailera bultzatzea lehentasunezkoa dela beren komunitatearentzat. Horrela, 2020ko lehen hiruhilekoaren amaieran izango dira ekintza “pilotu” honen emaitzak.

Entzute-fase aberatsa

Entzuteko fasean, ALCk bizitzaren amaiera aurreko, bitarteko eta ondorengo egoeren eta bizipenen inguruko testigantzak eta narratibak jaso zituen. “Erakundeek eginkizun garrantzitsuagoa izan nahi dute, baina ez dakite gai honi nola heldu”, aitortu zuten administrazioko hainbat ordezkarik eta beste batzuek, berriz, gaineratu zuten “Euskadiko gizarte-zerbitzuek une honetan ez dutela harreman- eta giza-elementua funtsezko elementu gisa ikusten”.

Medikuntza arlotik, mahai gainean jarri zen “medikuntza edo erizaintzako fakultateetan ez dela trebatzen bizitzaren amaieraren inguruan modu transbertsalean”. Era berean, irakaskuntza arloak “haurrak dolu eta gaixotasun egoeretan modu zuzenean prestatzeko beharra” azpimarratu zuen.

Getxon, eta beste leku batzuetan, komunitate errukiberak lortzera zuzendutako ekimenei atea zabaltzen dieten testigantzetako batzuk baino ez dira, giza garapen jasangarria inspirazio-iturri dutenak.