Nola txertatu Ebaluazio Ebolutiboa gizarte-mugimenduen aktibazioan eta sistema-aldaketetan. Honako hau gizarte-mugimenduen eta sistema-aldaketen garapena ebaluatzeko ahaleginak ezartzearen esperientzia eta balioa erakutsi nahi dituen blog sorta baten lehen post-a da.

Denbora errealeko eraldaketa estrategia. EIT-Climate-KIC institutuak honela definitzen du sistemen berrikuntza: sistema ekonomiko, politiko eta sozialetako balio-kate osoetan egindako esku-hartze integratu eta koordinatuak dira, berariaz eta elkarri konektatutako berrikuntza-esperimentuen zorro batean oinarrituak.

Lehenbiziko post honetan, Ebaluazio Ebolutiboarekin nola hasi aztertuko dugu.

Zergatik erabili Ebaluazio Ebolutiboa?

Askotan idatzi da ebaluazioaren ikuspegi tradizionalak ez direla egokiak berrikuntza eta sistemak aldatzea helburu duten prozesuak ebaluatzeko. Izan ere, testuinguru egonkorretan gauzatzen diren programa eta proiektu linealentzat diseinatuta daude, eta horien helburua definitutako arazoei irtenbideak aurkitzea da, horretarako, ondo ezagutzen ditugun praktikak erabiliz. Kasu horietan, ebaluazioak ezarritako irtenbideen emaitzak ebaluatzen ditu, eta, bereziki, kontuak ematean jartzen du arreta, esan genuena egin dugu? edota aurreikusten genuen inpaktua izan dute hauek? Bezalako galderei erantzuteko.

Ostera, nola ebaluatu konplexutasuna? Nola ebaluatu lineala ez den berrikuntza-prozesu baten balioa, problema konplexu bati heltzen dionean, ezjakintasuna berezko ezaugarria duenean eta irtenbideen beharra premiazkoa denean?

Ebaluazio ebolutiboak berrikuntza-prozesuei laguntzeko ikuspegi berri bat eskaintzen du, denbora errealeko atzeraelikadura-begizten bidez, eta sortzen ari den eragina hautematen laguntzen du. Horregatik, Ebaluazio Ebolutiboa kontuak ematetik haratago doa, eta ondorengo ezaugarrietan oinarritzen da:

  • Hipotesiak frogatzen ditu. Horretarako, honelako galderak egin behar dira: egiten ari garena gure helburua lortzen laguntzen ari digu?
  • Ikaskuntza: zer da funtzionatzen duena? Zerk ez du funtzionatzen? Zer aldatu behar da? Zer egiten jarraitu behar dugu? Ikasteko eta hausnarketarako guneak funtsezkoak dira gure jarduerak etengabe kontrastatu eta egokitzeko eta nahi den eragina sortzeko.
  • Komunikazioa: zer ari da gertatzen? Zer eragin sortzen ari gara? Batetik, barne-komunikazioak barne-taldeak lerrokatzen ditu eta, bestetik, kanpo-komunikazioa funtsezkoa da mugimendua eraikitzeko eta sistemak aldatzeko interesa duten eragileak erakartzeko eta inplikatzeko.
  • Kudeaketa: zein dira eraldaketa aktibatzeko ditugun hipotesiak? Zer jarduera egingo ditugu? Nola interpretatzen ditugu egiten ari garen jarduerak? Azken elementu horren bidez, EEk sistemen aldaketa nola babesten duen ikusi eta horren jarraipena egiten da.

Zertan ari gara?

Agirre Lehendakaria Zentroa (ALC) eta EIT-CKIC (EIT-CKIC) lanean ari dira, erakunde publikoek eta pribatuek, GKEek, elkarteek eta herritarrek osatutako eskualde-taldeekin batera, Ebaluazio Ebolutiboaren ikuspegia txertatzeko Bidezko Eraldaketa bultzatzen duten Europa osoko hainbat esku-hartze ekimenetan. EIT-CKICen Deep Demonstration eta ALCren Berrikuntza Plataforma Irekia metodologien ikuspegitik ari gara lanean.

Gaur egun, Ebaluazio Ebolutiboaren ikuspegia txertatzen ari gara talde desberdinak egiten ari diren lanetan eta prozesutik ateratako lehenbiziko ikasgaiez hausnartzen ari gara. Ondorengoak dira horietako batzuk.

Zer ari gara ikasten…

Hasi berriak - goizegi da ebaluatzeko?

Ebaluazio-ikuspegi tradizionaletan, ebaluatzaileari proiektua amaitzean deitzen zaio, eragina jasotzen da eta emaitzak aurkezten dira. Horrek zaildu egiten du ikaskuntza, informazioa berandu iristen baita funtsezko elementuei buruzko erabakiak hartzeko, hala nola, estrategia edota bisioaren formulazioa.

Ebaluazio Ebolutiboa, aldiz, konstantea da. Proiektuaren hasieran txertatu eta proiektu osoan zehar luzatzen da. Izan ere, ebaluazioa gizarte-aldaketaren konplexutasunaren barruan kokatu behar da, esku-hartzearen lehen etapetatik erabakiak hartzen lagun gaitzan. Hala ere, hau ez da erraza eta erronkak dakartza: nola ebaluatu prozesu baten balio erantsia zein bide hartuko den eta non parte hartuko dugun ez dakigunean?

Ebaluazio Ebolutiboaren ikuspegia eskualdeko taldeetan txertatzeak ebaluazioa ulertzeko modua aldatzea eskatzen du. Pentsamolde-aldaketa bat ekartzen du lan egiteko moduan. Eta askotan entzun izan dugu: "ez gaude ziur partekatzeko emaitzak ditugunik eta ebaluatzeko goizegi dela sentitzen dugu".

Horretarako, prozesu osoan zehar, Ebaluazio Ebolutiboa osatzen duten elementuak azaltzeaz gain, prozesuaren osagai nagusia ikaskuntza dela ulertu behar izan dugu. Ebaluaziorako lehen urratsak elkarrekin egiten ari gara, praktikarekin ikasten ari gara eta Ebaluazio Ebolutiboak duen balioa ulertzen ari gara esplorazioaren, esperientziaren eta esperimentazioaren bidez.

Ebaluazio Ebolutiboari buruzko gogoetak hasi ditugu gure eskualde-eraldaketako prozesuen hasieratik, sistema aldatzeko aukerak identifikatzen ari garen hasierako etapetatik. Ondorengo gaiak lantzen ari gara:

  • Taldeak parte hartzen ari diren sistema ulertu eta aldatzen saiatzeko ahaleginetan laguntzen ari gara. Eremu honetan, datuak biltzen ari gara entzute sakonaren bidez, eraldaketerako aukerak ulertu eta erabakiak hartzen laguntzeko.

Sistemaren aldaketa sustatzeko beharrezkoa den neurrian, eztabaida eta erabaki garrantzitsuak dokumentatzen ditugu, prozesuan zehar gertatzen ari dena ulertu eta, horrekin batera, prozesuaren ebaluaziorako metodologia kontrastatzeko. Horrelakoetan, badakigu berrikuntza prozesu konplexu baten baitan gertatzen ari dena dokumentatzea erronka zaila dela. Horregatik, eztabaidaguneak eta ikasitakoak jasotzeko eta kontrastatzeko berariazko txantiloiak sortu ditugu.

Datuak biltzea eta haiei zentzua ematea. Nondik hasi Ebaluazio Ebolutiboa?

Ebaluazio Ebolutiboko datuen bilketari buruzko hasierako zalantzak argitu ahala, galdera berriak sortzen dira: nola eman zentzua bildutako datuei?

Ebaluazio Ebolutiboa beste prozesu batzuetan lortutako datuekin has daiteke. Nolanahi ere, behar izanez gero, datu-bilketa espezifikoa egin daiteke erabakiak hartzen laguntzeko. Hala ere, berrikuntza-prozesu konplexuetan, erabilitako eta garrantzitsutzat jotako datu-kopurua izugarria izan daiteke. Horregatik, erabilgarria izan da egitura bat sortzea aldian-aldian hausnarketa-saioak egiteko eta talde, eskualde zein eskualde artean bildutako datuei buruz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko.

Gogoeta saio hauetan frogatzen ari garen ikuspegiak ondorengoak dira:

Faseak

Xedea

Testuingurua

Helburuak

Gaur egungo sistemaren identifikazioa, ikuspegia eta bertara nola iritsi garen aztertzea

Espazioa definitzea eta zorroaren printzipioen definizioari eta garapenari ekitea

Galdera orientagarriak

• Zer narratiba ari da sortzen sisteman aldaketa bat egon daitekeela sumatzeko?

• Zein dira prozesuan aurrera egiteko oztopoak? eta aurrera egiten laguntzen duten faktoreak?

• Zer erreferentzia-puntu komun sortzen ari dira egungo egoera/sistema ulertzeko?

•Zer argudio eta zantzuak ari dira azaleratzen etorkizuneko sistema baterantz goazen ala ez jakiteko? (Sistema eraldaketaren mugarriak)

•Zer prozesuk sortzen dute ilusioa eta gogoa? Zergatik?

• Zein irizpide erabiltzen dira aktore nagusiak identifikatzeko?

• Zer kausa- eta efektu-harreman potentzial, interdependentzia, aukera eta aurrera egiteko aukera sortzen ari dira?

• Nola eragiten diete berrikuntza-iturri berriek edo berrikuntza-ekintzek interesatzen zaizkigun jarrerei?

• Zer harreman ari dira sortzen balizko berrikuntza-eragileekin?

• Kasu desberdinen esploraziotik zein ikasketak laguntzen du diseinu printzipioak sortzen?

• Zein da zorroa sortzeko prozesuan aurrera doazen ekintzak? Besteak beste: eragin eremuak, diseinu printzipioak, berrikuntza ekimenak.

Gaur egun, erabakiak hartzen lagunduko diguten informazio-egiturak eraikitzen eta probatzen ari gara. Egon adi blogaren hurrengo post-ari.

Ebaluazio Ebolutiboa lankidetza-ikuspegi batetik - zer behar da Ebaluazio Ebolutiboko ebaluatzaile ona izateko?

Ebaluazio Ebolutiboan ebaluatzailea ez da ebaluazioan aditua. Ebaluazioaren ariketak taldea du oinarri eta talde osoaren ardura da. Hala, taldeko kide bakoitzak bere rola betetzen du ebaluazio prozesuan. Horretarako, ebaluazio lantaldeak prozesuan parte hartzen duten erakunde eta eragileen barne ezagutza baliatzen du eta, horrekin batera, kanpotik datorren ezagutza berria erakarri eta galdera berriak eta irekiak jartzen ditu mahai gainean.

Aldaketa sistemikoa bultzatzen duten ekimenetan, ebaluatzaileen eta disenaitzaileen lana estuki lotuta dago eta berrikuntzaren inguruan tentsio osasuntsua sortu eta mantentzeko moduak bilatu behar ditugu. Izan ere, aldaketa gehiegi eta ziurgabetasun gehiegi badaude, taldea galdu egingo da, eta, ordea, aldaketa gutxi egonez gero, aurretik egin dena egingo dugu berriz ere.

Rol desbedinak garatu ditugu eta gaur egun horiek testeatzen ari gara: Informazio-Biltzailea (ingelesez Information Gatherer), Hausnarketa Sustatzailea (ingelesez Sensemaker), Ebaluaketarako Erronka Sortzaile (ingelesez DE challenger) eta Lagun Kritikoa (ingelesez Critical Friend). Roletan eta horiek eskatzen duten pentsamolde eta jarrera barneratzeko, ikasi eta desikasi egin behar da, eta, funtsean, denbora behar da. Geure buruari etengabe gogoratu behar diogu honako esaldia: "ezin duzu bederatzi emakumerekin haur bat egin hilabete batean".

Zehazki, Lagun Kritikoaren zeregina erronka handia da Ebaluazio Ebolutiborako. Lagun kritikoa izatea etsigarria eta nekagarria izan daiteke askotan. Gauzak modu eraikitzailean esateko modua aurkitu behar da, zintzoak izateko konfiantza giroa sortu eta garatzen ari denari etengabe aurre egiteko energia aurkitu (baita norbera egiten ari dena ikuspegi kritiko batetik aztertzea ere! Ez ahaztu guretzat erraza eta erosoa dela jada ezagutzen ditugun egiteko moduetan erortzea).

Etorkizuneko aukerak

Datozen hilabeteotan Ebaluazio Ebolutiboko prozesuak, tresnak eta ikuspegiak prototipatzen, probatzen eta aldatzen jarraituko dugu. Eta bidean hausnartzen eta ikasten jarraituko dugu:

  • Zer balio erantsi ematen du ebaluazioak? Ebaluazio Ebolutiboa erabiltzeko, pentsaera jakin bat behar da, eta ebaluazioak berrikuntza-prozesuari egiten dion ekarpena ulertu behar da. Gure ikuspegitik, haren balioa da prozesuari sostengua ematen diola eta galderak egiten dituela, erabaki eta erronkei aurre egin behar dieten pertsonei erabakiak hartzen laguntzeko.
  • Nola integratu ebaluazioa eta nola egin jasangarri epe luzera? Kultura eta nortasuna ulertzea funtsezkoa da, hau da, ezagutzea zein elementuk aktibatuko duten aldaketa testuinguru bakoitzean eta zein izan daitezke aldaketarako blokeatzaileak. ALC-k K faktorea deitzen dio kultura-elementu horri eta aldaketa sistemikoa ahalbidetzeko aztertu beharreko funtsezko elementua da.

Prozesua barrutik bizi dugu eta blog honetan ikasitako esperientziak eta ikasgaiak partekatuko ditugu zurekin. Gune hau adi jarraitu.

Nork idatzia: Mikkel Nedergaard <mikkel.nedergaard@climate-kic.org> eta Ione Ardaiz Osacar <ione@agirrecenter.eus>