Open Akademia
2017/12/05 13:06:24.147580 GMT+1
250 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte Open Akademian azaroan

Azaroa hilabete trinkoa izan da Open Akademiari dagokionez. Open Akademia Agirre Lehendakaria Centerren ekimena da, ezagutza partekatzeko eta herritarren arteko eztabaida sustatzeko euskal gizartearen etorkizuneko erronkei buruz.

Open Akademia ZiekonEltziegon 40 pertsonatik gora bildu ziren Ibarretxe Lehendakariak eta Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendariak joan den azaroaren 23an emandako hitzaldian. Arabako Errioxako herrixka honetan, bertako ardo ekoizpenari esker ezaguna, eskaini zituzten Euskadi nazioarteko agendan egon dadin lortzeko proposamenak. Garrantzi berezia eman zioten Euskadik eta euskarak Interneten  presentzia izateari.

Waliñok adierazi zuenez, datuek diote datozen urteotan hizkuntzen %95 desagertu daitezkeela. Interneten presentziarik ez dutenek arrisku berezia dute.  Horregatik du garrantzia PuntuEus proiektuak, sarean euskal hizkuntzaren eta kulturaren presentzia sustatzea baitu helburu. 

Eztabaida bizi batez gain, onena amaieran etorri zen, ardandegi-jabe eta erakundeetako ordezkari multzo batek interesa agertu baitzuten .eus dominioa erabiltzen hasteko euren web orrialdeetan.

Open Akademia MundakaEuskadiren presentzia munduan, Ibarretxe Lehendakariak azaroaren 28an Mundakan emandako hitzaldian ere jorratu zen. Hitzaldia bertako Gaur Dala Bihar izeneko erretirodunen elkartearekin lankidetzan antolatu zen. 100 lagundik gora joan ziren Agirre Lehendakariak Columbiako Unibertsitatean duen programari buruz gehiago jakitera. Agirre Lehendakaria Centerren ekimen honek  unibertsitate iparramerikarrarekin ikerkuntza-lankidetza estutzea ahalbidetuko du.

Ibarretxe Lehendakariak gure iragana ikertzeak eta gehiago jakiteak duen garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, “iraganak ez ditu erantzunak ematen, baina bai argitu”. Ideia honek eztabaida bizi bati eman zion bide eta, besteak beste, Unai Rementeria, Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusiak hartu zuen parte. Berdintasuna, kultura, euskal presentzia munduan edota diasporan izan ziren Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak bideratutako eztabaidan sortu ziren gaiak.

Open Akademia GetxonAmaitzeko, bestelako gai bat, baina besteak bezain garrantzitsua jorratu zen Getxoko Areetan, azaroaren 27an: gure adinekoak zaintzea. Kasu honetan, sustatzaileetakoak diren Maider Grajalesek eta Naomi Hansson-ek aurkeztutako Getxo zurekin ekimenarekin batera antolatu zen Open Akademia. Bere helburua da Getxo hiri errukiberak proiektuan sartzea, hain zuzen ere, bizitzaren amaieran adinekoei laguntzen dieten hiriak. Getxoko zinegotzi den Elena Coriak nabarmendu zuenez, herritarren zati handi bat 60 urtez gorakoa da, eta ahalegin instituzional, sozial eta pertsonal berriak eskatuko ditu adinekoen zainketarako.

Horixe azpimarratu zuen Silvia Libradak ere, Sevillatik etorritakoa eta zainketa aringarrietan aditua. Esperientzia handia du gai honetan eta “maitasuna” nabarmendu zuen bai medikuek, bai familiakoek edota erakundeek erronka garrantzitsu honi aurre egiteko eragile gisa.

Horrez gain, Ibarretxe Lehendakariaren, Angela Grande lehen mailako arretako medikuaren eta Paul Riosen lekukotza pertsonalak ere entzun ziren elkarrizketan zehar. Adinekoen zainketan adituak eta boluntarioak diren beste hainbat lagunek ere partekatu zituzten beren bizipenak. Azken batean, gune goxoa kasu gehiegitan intimitatean eta gizartearekin partekatu gabe bizi izaten den gai bati buruz aritzeko.

Antolatu nahi duzu Open Akademia bat zure herrian? Jarri harremanetan gurekin eta pozarren lagunduko dugu hitzaldi bat antolatzeko eta, honela, ezagutza hurbiltzeko eta eztabaida sustatzeko gure etorkizunaz zure herri edo auzoan.