COVID-19ren pandemiak, mundu mailan eragin duen osasun-larrialdi nabarmenaz haratago, agerian utzi ditu gizarte-desparekotasuna edota sistemaren hutsuneak, krisi honi eta etorkizunean paira ditzakegunei erantzuteko. Erabakiak hartzeko modua, nork hartzen dituen, nola hartzen diren, nor hartu behar den kontuan…, hauek izan ziren, besteak beste, Agirre Lehendakaria Centerrek bultzatutako Etorkizuneko Liderrak Programak egin zuen bilera birtualean eztabaidatu eta mahai gainean jarri ziren gaietako batzuk.

Soseguz/lasaitasunez, pazientziaz, histeriaz, etorkizunaz arduratuta, egokitzen, zain… hitz hauekin definitu zuten Etorkizuneko Liderren hirugarren edizioko partaideek nola bizi duten koronabirusak sortutako egoera.

Edizio honetan parte hartzen ari diren gazteak bat etorri ziren esatean krisi honek agerian jarri dituela gizarte-desparekotasunak (ikuspegi feministatik, enplegua, etxebizitzarik gabeko pertsonak, zaurgarritasun egoeran daudenak, heziketa eta arrakala digitala…) eta Giza Garapen Iraunkorraren aldeko apustuaren premia.

Ildo horretatik, oso modu positiboan baloratu zuten gizarte-berrikuntzak bete behar duen eginkizun estrategikoa, izan ere,  beraien esanetan, “ beharrezkoa da erabakiak hartzeko modu berria ezartzea”. Globalizazioak, interesek eta hierarkiek ukitutako egungo sistema demokratikoak aurrera egin behar du, eta oso kontuan izan behar ditu eragile desberdinen parte-hartzea, dauden narratiba desberdinak eta interpretazio kolektiboa, bai eta diziplina anitzeko partaidetza-ekarpena ere, beharrak zein diren eta zer erantzun eman behar diren zehazteko”.

Era berean, pandemiak ekarri dituen ekimen sozial eta solidario ugari nabarmendu zituzten: kultur-oinarria duten ekimenak, sare sozialetako ekimenak, auzoetakoak eta auzotarren sareetakoak komunitate horien artean elkarri laguntzeko. Eta, bestetik, krisi honetan ahaztuta dagoen egoera bati buruz ohartarazi zuten: gaixoekiko eta senitartekoekiko laguntasuna eta dolua.

Jorratu zuten beste puntu bat askatasun indibidualak eta BIG DATA izan zen: non geratzen dira askatasun horiek, gure datuak Gobernuaren esku geratzen badira? Nork  zainduko du erabilera egokia egiten dela? Banaka erabaki behar dugu datuak eman nahi ditugun edo ez?  Denbora-muga bat izan behar du datu pertsonalak emate horrek? Nork bermatzen dizkigu gure eskubideak eta askatasunak?