Australian eman ditut azkenengo lau urteak, The Australian Centre for Social Innovation (TACSI) taldean lanean. TACSI South Australia estatuko gobernuak sortu zuen orain dela 10 urte. Lantalde hau, bertan existitzen ziren erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko moduak biztanleekin batera hausnartzeko eta lantzeko sortu zen. Gaur egun gobernutik independientea den taldea da eta berrikuntza soziala zein aldaketa sistemikoaren inguruko ekimenak jorratzen ditu, hau da, taldeak erronka konplexuei aurre egiteko moduak lantzen ditu.

Orain dela hilabete batzuk maleta prestatu eta munduko beste puntatik etxera bueltatzeko bidaiari ekin nion. Agirre Lehendakaria Center-en (ALC-n) nabil lanean orain, berrikuntza soziala eta Berrikuntza Plataforma Irekien inguruko esku-hartze ekimenetan. Agirre Lehendakaria Center-en hiru lan-ildo jorratzen ditugu: euskal transformazioaren ikerketa, esku-hartze prozesuak berrikuntza soziala arloan eta gure lanean jorratzen ditugun gaien partekatzea hitzaldi zein formakuntza bidez. Zentruaren helburua euskal gizartean hurrengo transformazioa sustatzea da giza garapen iraunkorra eta euskal kultura ardatz hartuta.

Eta zer dira Berrikuntza Plataforma Irekiak? Guk ALC-n ulertzen ditugun moduan: eragile, pertsona, metodologiak eta ekintzak elkar konektatzea tokian tokiko gizarteko erronka eta aukerei erantzuna emateko. Helburu nagusia gizartea eraldatzea da behetik gorako logika jarraituz. Hau da, komunitateak berak aldaketa gidatzea, eta ez bakarrik aldaketaren jasotzailea izatea.

Debagoiena 2030 ekimenean ikuspegi hau jarraitzen ari dugu eta organikoki sortzen ari da Debagoienako Berrikuntza Plataforma.

Ekimen honetan parte hartu dudan talde eta lanean egindako hausnarketetan oinarrituta, Debagoienak eskaintzen dituen aukeren artean aipatuko nituzke:

  1. Debagoienak duen aberastasuna: naturala, geografikoa eta ekosistema soziala. Bailarak duen berrikuntza sozial ekosistema eta honek eraldaketa sustatzeko sortzen dituen baldintzak azpimarratzekoak dira. Hauek mundu mailan eta talde batzuetan erreferentzia dira iada, eta beste talde batzuetan erreferentzia izateko potentziala du ere.
  1. Debagoiena bailarak duen tamaina edo eskala. Shareable mugimenduak beren “Sharing cities” (partekatzen duten hiriak) liburuan transformazio soziala aktibatzeko eskalaren inguruan hausnarketa egiten dute eta hiri maila proposatzen dute horren hasiera puntu bezala. Beren liburuaren aurkezpenean, horrelako aldaketa konplexuak sustatzen eskala txikian hasi behar direla proposatzen zuten eta Debagoiena 2030 ekimenaren inguruan planteatzen ari diren erronkak bailara bezalako eskalan lantzea hori ahalbidetzen du.
  1. Lanaren inguruan dauden jarrerak: ekintzetara eta taldean lan egitera zuzenduta. Partaide guztien artean bisio partekatua edo jarraituko diren aukerak adosteak esfortzua dakar. Baina behin horiek adostuta, ekintzetara pasatzeko jarrera eta hau era kolaboratibo batean egiteko joera dugula deritzot. Euskal kulturan errotuta dugun “auzolan” kontzeptua izan daiteke horren ardatz, bailara honetan dagoen urteetako esperientzia kooperatibista edo gure euskal gizarteak bizi izan dituen erronketan zehar sortu diren mugimendu sozialek ekarri dituzten eraldaketak.

Eta Debagoienan existitzen ahal diren erronkak, zeintzuk Euskal Herri osora ere zabaldu daitezkeenak:

  1. Pausuak argi ez dauden kasuetan aurrera egitea. Erronka konplexuei aurre egiteko prozesuetan, definizio argirik gabeko pausuak eman ohi dira baita aurreikusten ez diren erronkak sortzen dira ere. Orain arte landu diren esperientzetatik eta ikasi dugunetik, nola prestatuko dugu gure burua prozesu berri hauetan parte hartzeko?
  1. Abstrakzio gaitasuna eta epe-luzera begira aktibatzen has gaitezkeen anbizio handiko aldaketak. Gure euskal kulturan kosta egiten zaigu aukera eta ideia abstraktuak identifikatzea. Gure hezkuntzan eta lan munduan hori jorratzeko hausnarketa espaziorik ahalbidetzen ez dugulako izan daiteke, edo ukitu ezin dena baloratzen ez dugulako? Azken puntu hau indargune bat ere eskaintzen du, balio gabeko kontzeptu abstraktuak ekiditeko eta kontestuan soilik zentzua duten prozesuak jorratzeko.
  1. Gure arteko komunikazio argia. Gure euskal kulturaren beste erronketako bat, pertsona zein taldeen arteko komunikazioan datza eta batez ere aurrean ditugun erronka konplexuei aurre egiteko sortu beharko dugun komunikazioan. Nola sortuko ditugu erronka berriak komunikatzeko moduak, esaerak eta hitz berriak? Nola izango gara gai egoera berri hauetan sentituko ditugun horiek gure artean partekatzeko? Londreseko UCL unibertsitatearen parte den Institute for Innovation and Public Purpose (IIPP) taldean, gure Debagoiena 2030 ekimenaren kideak direnak, erronka berri hauei aurre egiteko egoeretan erabiliko ditugun hitzak jasotzen dituen hiztegi berri bat osatzen hasi dira, beharbada guk ere gure kontestuan egin beharko dugun zerbait?

Debagoiena 2030 ekimenak eta Berrikuntza Plataforma Irekien enfoke honek mahai gainean jartzen ditu aukerak eta erronkak. Gure inguruan sustatu nahi ditugun aldaketak eta transformazioak lantzeko markoa eskaintzen du honek guztiak, herritar guztiongandik sortuko diren mugimenduak konektatuko dituen transformazioa.

 Ekin diezaiogun eraldaketa bideari guztiok elkarrekin nahi dugun etorkizun hori eraikitzeko.