Agirre Center
2019/01/11 16:30:00 GMT+1
Giza Garapen Iraunkorraren ardatzetako bat berdintasuna da. Hala jaso zuen Juan Jose Ibarretxek, Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak (ALC), Euskadi Irratiko mikrofonoetan, historia guztion artean eraiki eta idatzi behar dela azpimarratuz. Horretarako, gizonen parte- hartze eta konpromisua galdatzearen beharra defendatu zuen, etorkizuna berdintasuna dela aldarrikatuz.

Juan Jose Ibarretxek Euskadi Irratiak berdintasunaren inguruan hitz egiteko eskeinitako eskaera onartuta, gizon eta emakumeek beren zereginak eta erantzunkizunak modu berdinean bereganatzeko errealitateaz aritu zen. Horren inguruan, amaren zaintzaz eta bere ardurak, ALCren zuzendaritzan, zelan bateratzen dituen azaldu zuen.                   

“Duintasun osoz bizitzeko, gizon eta emakumeek aukera berdinak izan behar dituzte” esan zuen Ibarretxek. Hala, gizonen inplikatzeko beharra azpimarratu zuen “emakumeak egindako lanari esker heldu dira etapa honetara baina ezinezkoa da aurrera jarraitzea, gizonak berdintasunaren bidean sartzen ez bagara” defendatuz.

Juan Jose Ibarretxek Eusko Legebiltzarrean berdintasunerako euskal legea eraman izanak bere bizitza politikoan izan zuen garrantzia goraipatu zuen. “Orain zaintzailea, erizaina eta semea naiz, eta asko ikasten ari naiz. Zaila bada ere, ikaskuntza zoragarria ari da izaten: egunkariak irakurtzen ditugu, filmak ikusi (azkena, Tiburoi 1-)… eta zailtasunak gorabehera, oso etapa ederra ari da bilakatzen. Ongi daudenean gurasoak laguntzea ona da. Zaila, bestalde, gaizki daudenean…Halaz ere, oso aberasgarria”.