Maiatzean, ALCk hausnarketa estrategikorako mintegi bat koordinatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EIT-Climate KICen (Europako Teknologia Institutuak bultzatutako berrikuntza publiko eta pribatuko elkarterik handiena, klima-aldaketari aurre egiteko eta klima-aldaketara egokitzeko berrikuntzan oinarritua) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) Sektore Publikoko Berrikuntza Behatokiaren (OPSI) artean. Topaketa horiek Gipuzkoako Foru Aldundiari balioko diote Covid19k Etorkizuna Eraikiz estrategian duen eragina aztertzeko, trantsizio ekologikoaren eta gobernantza publiko pribatuko sistema berrien arloko ekimenak indartuz. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain, Etorkizuna Eraikiz Estrategian parte hartzen duten eragileek, Gipuzkoako hezkuntza-eragileek eta Debagoiena 2030 egitasmoko kideek parte hartuko dute saioetan. Climate KICek eta OPSIk interes handia erakutsi dute Etorkizuna Eraikiz ekimenean, lankidetza publiko-pribatuaren eredu gisa eta komunitate-esperimentaziorako tresna gisa.

EIT-Climate KIC Europako ekimen publiko-pribatua da eta klima-aldaketara egokitzeko berrikuntza bultzatzea du ardatz. Karbono-emisiorik gabeko eskualde bihurtzeko helburua duten Europako zenbait eskualdetako esperimentazio-espazioetan lan egiten du. Esperimentaziorako gune horietako bat Gipuzkoako Debagoiena (D2030) eskualdea da. ALC ekimen horren bultzatzaileetako bat izan da eta aktiboki parte hartu du.

ELGAko Sektore Publikoko Berrikuntza Behatokia (OPSI) aurrerapen-gobernantzaren esparruan ikertzen ari da (etorkizunari aurrea hartzeko esperimentatu nahi duten gobernantza-eredu eta politika publikoak), eta Europako herrialde eta eskualdeekin lankindetzan dihardu politikak aztertzen. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen duen proiektu bat du abian, esparru horretan esperientziak ikasi eta trukatzeko.