Garapenerako Nazio Batuen Programak (NBGP) Agirre Lehendakaria Center (ALC) izango du kolaboratzaile gisa Asian, Covid-19aren pandemiari erantzuteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) lorpena azkartzeko. Euskal Kasuan oinarritutako Berrikuntza Sozialeko Plataformen inplementazioa izango da esperimentazio masiboko programetako bat, eta horren baitan Covid19ri erantzuteko modu berriak bilatuko dira.

ALC eta NBGP Asia osoan parte hartzeko elkartu dituen lankidetza-esparruari (Thailandia, Pakistan eta Malaysia bezalako herrialdeetan lanean ari da), Indonesiako lankidetza gehituko zaio. ALCren ekarpena bizi dugun "krisi sistemikoari erantzun integratuak" bilatzea izango da. Agirre Lehendakaria Center-ek lurraldeko kultur berezitasunetara egokitutako erantzun sanitario, sozial eta ekonomikoak integratzen dituzten berrikuntza sozialeko plataformak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen lagunduko du.

Abdul Halim Iskandar Herri, Eskualde Behartsu eta Transmigrazio Ministro indonesiarrak atsegin handiz hartu du NBEren lankidetza. "Esketuta nago Indonesiako herrixken garapena indartzeko elkartu garelako, bertako jakinduria aprobetxatu eta ikuspegi globalarekin azaleratzeko", esan du Iskandarrek PNUDen Indonesiako ordezkari egoiliar Christophe Bahuetekin elkartzean. “Zenbat eta lehenago jarri martxan, orduan eta hobeto. Gauzak bizkortzeko, zenbait puntutan ados egon behar dugu, baina zenbat eta lehenago hasi hobeto ", gehitu du.

Bestalde, ALCko zuzendari Gorka Espiauk adierazi duenez, “Nazio Batuekin dugun lankidetzan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa da zentroarentzat, gure esku-hartze eremua Asiako kontinentera zabaltzen baitu. ALC-ren iritziz, lankidetza hori euskal berrikuntza-ekosistema osora irekitako lotura-plataforma bat da”.