Aurten 75 urte beteko dira Jose Antonio Agirre Lehendakaria erbesterako ihesaldi luze eta gogorrean Berlin hiritik pasa zela, eta nazioarteko hainbat erakundek urteurrena oroitzeko programa aberatsa antolatu dute.

Aurten 75 urte beteko dira Jose Antonio Agirre Lehendakaria erbesterako ihesaldi luze eta gogorrean Berlin hiritik pasa zela, eta nazioarteko hainbat erakundek urteurrena oroitzeko programa aberatsa antolatu dute. Martxoaren 7an eman zuten jakitera, Bilbon.

Batetik, nazioarteko kongresu bat burutuko da, 2016ko martxoa eta ekaina bitartean, Reno, Berlin eta New York hirietan; bestetik, Berlingo Euskal Etxeak hamaika jarduera antolatu ditu maiatzaren 31etik ekainaren 3ra arte alemaniar hirian.

agirrekon6.jpg

Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak aurkezpenean azpimarratu zuen moduan, egitarauak Agirre Lehendakariaren testuinguru historikoan sakontzeaz gain, gaur egungo europar batasunaren jaiotzan ere kokatzen da. Agirrek erbestetik egindako lana goraipatu nahi izan zuen, haren ihesa ere gogora ekarriz eta hainbat herrialdetan ezkutuko babesa jaso zuela gogoratuz. Vallejok ez zuen ahaztu nahi izan, egun ere pertsona ugari daudela hark bizi izan zuen egoera berean, euren herritik ihesi, eta argi utzi nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak europar erakundeen lidergo falta salatu nahi duela errefuxiatuen auzian.

agirrekon2.jpg

THE INTERNATIONAL LEGACY OF AGIRRE’S GOVERNMENT

“The International Legacy of Lehendakari Jose Antonio Agirre’s Government” nazioarteko kongresua Etxepare Euskal Institutuak eta Renoko Nevadako Unibertsitateko CBS-ek antolatutako eta finantzatutako ekimena da. Agirre Lehendakaria Center-en, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren babesarekin; UPV-EHU-ko Mikel Laboa Katedraren laguntza ere jaso du.

Kongresu hirukoitzaren arduradun akademikoak William. A. Douglass Center for Basque Studies zentroko zuzendarietako bat den Xabier Irujo, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendari eta unibertsitateen alorraren arduraduna den Mari Jose Olaziregi, eta Leipzigeko Unibertsitateko Carsten Sinner izan dira. Programaren helburu nagusiak Agirreren dimentsio europarra aztertzea eta azaleratzea eta Europagintzari egin zion ekarpena aitortzea eta ezagutaraztea dira. Agirre Lehendakariaren garrantzia aztertuko duen sekula antolatu den kongresu akademikorik zabalena eta maila gorenena izango duena izango da, bai esku hartuko duten partaideen sonagatik, bai jorratuko dituzten gaien aniztasuna dela eta.

agirrekon4.jpg

University of Nevada, Renoko kongresua martxoaren 26tik 28ra burutuko da eta José Antonio Agirreren nazioarte mailako ekarpena izango du aztergai. Hizlarien artean Xabier Irujo eta Joseba Zulaika (William A. Douglass Center for Basque Studies), Sandra Ott (Nevada, Renoko Unibertsitatea), Angel Viñas (Madrileko Universidad Complutense) edota Julián Casanova (Zaragozako Unibertsitatea). Berlingo atala ekainaren 1ean izango da; Agirreren eta euskaldunen erbestea eta Europaren eraketa jorratuko dituzte bertan, besteak beste, Carlos Collado-k (Phillips Universität Marburg), Joan Villaroya (Bartzelonako Unibertsitatea), Nicholas Rankin idazle eta kazetariak eta Hilari Raguer i Suñer historialariak. Eta ekainaren 9an New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean izango den programa erabat zehaztu gabe dagoen arren, ziurtatuta dago bertan izango direla Lehendakari izandako Juan Jose Ibarretxe (UPV-EHU, Agirre Lehendakari Center), UPV-EHUko Ludger Mees, Mari Jose Olaziregi, Izaro Arroita, Amaia Agirre eta Deustuko Unibertsitateko Leire Arrieta. 

Agirre Lehendakaria Center-eko ordezkari Amaia Agirrek Kongresuaren New Yorkeko atalak euren lankide den Columbiako Unibertsitatean egitearen arrazoietako bat azaldu zuen: Agirren lehendakaria bertako irakasle izan zen erbestean zegoela; urteak beranduago, unibertsitateak ateak ireki zizkion beste Lehendakari bati, Juan Jose Ibarretxeri, bere tesiaren irakurketa egiteko – “Principio Ético, Principio Democrático y DESARROLLO HUMANO SOSTENIBLE: fundamentos para un modelo democrático”-. ALC zentroaren helburuekin bat eginda, New Yorken burutuko den kongresuak ere garai batean Agirrek hasitako lanaren jarraipena izango da: “katea ez da eten”.

agirrekon3.jpg

Gainera, Berlingo Euskal Etxea programa kultural eta instituzionala antolatzen ari da, hainbat sortzaile eta eragilerekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak babestuta; Berlinen garatuko da maiatza eta ekaina bitartean “Agirre in Berlin 1941-2016. Das Baskenland mitten in Europa” (Euskal Herria Europaren bihotzean) izenburupean. Ainhoa Añorga Berlingo Euskal Etxeko lehendakariak adierazi zuenez, ekitaldi instituzional edo sinboliko bat egingo dute, eta Berlingo kongresuaren osagarri gisa, egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte ekainaren 2rako. Gerra zibileko urteek eta euskal erbesteak arte eta diziplina desberdinetan izan duten itzala eta garrantzia aztertuko dute programan; horretarako argitalpenak, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako ekintzak prestatzen ari dira; esaterako, Kirmen Uribek eta Mikel Urdargarinek “Zaldiak eta beren itzalak” ikuskizuna aurkeztuko dute Gorki Theater ospetsuan. Agirreren egunerokoaren edizio kritikoaren eta “De Gernika a NY pasando por Berlin” liburuetan Alemaniari dagozkien zatiak alemanera itzuliko dituzte; mapa komentatu bat ere sortzen ari dira Agirrek Berlinen ikusi zituen eta bizi izan zen lekuak zehaztuz. Guztiari buruzko xehetasunak orain atontzen ari diren webgune berri batek jasoko ditu, “hau guztia ez baita ekainaren 3an amaituko”, Añorgaren esanetan. “Alemanian eta alemanez Euskal Herriko historia ezagutu nahi duenak aukera izango du hemendik aurrera informazio zuzen hori jasotzeko”.