Open Akademia
2018/06/15 12:25:38.918183 GMT+2
Agirre Lehendakaria Center George Washington Unibertsitatearen Elliott School of International Affairsekin elkarlanean ari da, Bilbon ekainaren 12 eta 15 artean egiten den mintegi honen antolaketan

Mintegi hau Estatu Plurinazionalei buruzko Ikerkuntza Ekimenaren (RIMS, ingeleseko sigletan) nazioarteko lehen topaketa da, George Washington Unibertsitatearen Elliott School of International Affairsek bultzatua.  Bere programen bidez, RIMSek ikuspegi ezberdinak aztertzen eta eztabaidatzen ditu, asimetriak estatu konplexuen barruko lurralde gobernantzan duen eginkizuna kontzeptualizatzeko.

RIMSek arreta berezia eskaintzen die Txina eta Tibeten arteko harremanei. Horregatik, Bilbon bildu ditu Txinako Errepublika Popularreko goi mailako akademiko eta solaskideak, estatalitate maila anitzaren politika globalen akademiko eta ikertzaile garrantzitsuekin batera, estatu plurinazionalek aurrez aurre dituzten erronkak aztertzeko helburuz.

Euskadi bilera hau egiteko hautatu izana ez da ezustekoa izan. RIMSen iritziz, euskal esperientzia gobernantza asimetrikoaren azterketa arrakastatsuaren adibide da. Horregatik, hainbat akademiko euskaldunek hartu dute parte topaketan. Horien artean izango dira ALCko zuzendaria, Juan Jose Ibarretxe, eraldaketa sozioekonomikoaren euskal kasua aurkeztu duena, eta ALCko kolaboratzailea, Paul Rios, bakegintzaren euskal kasuaz hitz egin duena.

ALCrentzat ohorea da ekimen honetan parte hartzea. Aukera paregabea da esperientziak partekatzeko gobernantza, autogobernu, deszentralizazio, lurralde garapen eta giza eskubideen sustapenaren inguruan. Elkargunea da Txinak eta Tibetek euskal kasuari buruz ikasi ahal izateko eta, era berean, Euskadi nazioarte mailako pentsamendu-zentro prestigiotsuenekin konektatu ahal izateko, horrela, nazioarteko joerak ezagutuz eta ikasiz, estatu plurinazionalen gobernantzari dagokionez.