Lurraldetasunaz ari garenean, zertaz ari gara? Gure herriari dagokionean, euskal lurraldeen arteko elkarren ezagutza eta sinergia sozio-ekonomiko eta kultural egokiak bideratzeko tresna politiko aproposen sorrerarekin dago lotuta lurraldetasuna. Euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten ardatzak asko dira: kulturalak, sozio-ekonomikoak, sinbolikoak, giza-garapenari eta balio kolektibo partekatuei dagozkionak... Euskal lurralde historikoetan eta haratago, teilakatu egiten dira zeharkako ardatz horiek, trinkotasuna maila desberdinaz.

Ziurgabetasunaz, baina era berean, aukeraz beteriko garaia bizi dugu. Testuinguru honetan, hausnarketa inguruabar globalean kokatu beharrean gaude eta Euskal Herria XXI. mendeko munduan egokitzeko behar dituen tresnak, ikusmoldeak, eredu politiko, sozial eta ekonomikoak aztertzeko, eta batez ere, modu partekatuan garatzeko momentuan gaude.

Bestalde, demokratizazioaren aroan gaude. Giza garapena eta honekin lotutako gobernantza ezin uler daitezke kapitalaren, lurraldearen eta herritarren arteko mihizketa berrietan arreta jarri gabe. Aro honetan gizarte zibilean jarri behar dugu ñabardura.

Honetan oinarrituta, Eusko Ikaskuntzak egungo euskal egituraketa sozio-politikoaren baitan funtzionalki eta estrukturalki bizi ditugun aukerak, gabeziak, premiak eta xede berriak deskribatzeko prozesua du abian. Kohesioa helburu eta elkarkidetza medio, lurraldea eta lurraldetasunaz hitz egiteko gakoak identifikatzeko ariketa parte-hartzailea burutu dugu; arlo desberdinetan gurean eta munduan lurraldeari buruz lantzen ari diren kontzeptuen mapa eta, euskal lurradeen kohesioa eta bizikidetzari dagokionean, egoeraren diagnosi partekatua osatu dugu, alegia.

Ikastaro honetan lurraldetasunaren interpretaziorako jasotako kontzeptuen "zoru komuna" eta bide irekien aurkezpena eta hausnarketa bideratzea nahi dugu. Era berean, Euskal Herriko lurraldeetan sortutako ezagutza, nazioarteko komunitate sozial eta akademikoarekin nahi dugu kontrastean jarri mundu mailan gertatzen ari diren hausnarketa, proposamen eta esperientzietatik ikasiz.

  • Noiz 2017/09/13 - 2017/09/15
  • Kontaktu izena Eusko Ikaskuntza
  • Hitzorduaren URLa Kanpo webgunea
  • Hitzordua egutegira gehitu iCal